Hiriko parke eta lorategiei buruzko informazio bulegoa irekiko dute
Bigarren urtez jarraian, Donostia berdea informazio bulegoa irekita egongo da udan, hara inguratzen direnei hiriko parkeei eta berdeguneei buruzko informazio garrantzitsu eta erabilgarria emateko. Egiako Kristinaenea parkeko garai bateko zaintzailearen etxean dago, eta, haren bidez, ideiak eman nahi dira aire zabalean planak egiteko, familiarekin eguna pasatzeko, lagunekin buelta bat emateko edo Donostiako txoko berde eta ezezagunenak ezagutzeko. Uztailaren 1etik irailaren 11ra bitarte egongo da irekita.
“Donostiak badu ezagutu beharreko altxor berde bat. Donostiar askok ez dute ezagutzen hiriko parke eta natura guneen multzoa, eta haiei eta bisitatzen gaituztenei parke eta berdegune horiek ezagutzera etortzeko iradoki nahi diegu, baita oharkabean pasatzen diren eta turismo-gidetan ateratzen ez diren parke eta berdeguneak ezagutzera etortzeko ere”, azaldu du Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak.
Informazio gunean ez dira soilik Aieteko, Miramarreko eta Kristinaeneko parkeez ariko. Baita ere Altzako Basoerdi, Larres eta Arriaga parkeez. Besteak beste, informazio hau emango da: horietako bakoitzean zer aurki dezakegun, nola goza dezakegun haietaz gizalegez, bai eta horietan zer kultura jarduera programatzen diren ere, bakoitzak nortasun propioa baitu.