Kaian etxebizitza berriak egiteko bidea zabalik utzi dute epaitegiek
EAEko Auzitegi Gorenak Donostiako kaian eraikin berri bat egiteko aukera zabaldu du sententzia baten bidez. Sententzian jasotzen denez, monumentu-multzo izaera galdu dute kaiko 7. eta 8. zenbakiek, eta, beraz, etxebizitza berriak eraikitzeko bidea irekitzen da honela.
Enpresa eraikitzaile batek jarritako helegitearen ondorioz atera da sententzia hau, Noticia de Gipuzkoa-k jakinarazi duenez, eta, sententzia honi ez udalak, ez eta Eusko Jaurlaritzak, beste errekurtsorik jarri ez diotenez, 2013an aurkeztu zen proiektuari bide emateko aukera dago orain.
Ttipia tabernaren ondoan dagoen murruan egongo zen eraikin berria, eta, dirudienez, hamasei etxebizitza eraikiko lituzkete bertan. 7. eta 8. zenbakian bizi diren adineko bi emakumeak bertan birkokatuko lituzkete.