Donostiako D'museoak Oteizaren erakusketako lanen benekotasuna defendatu du
Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D’museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak. Herenegun ohar baten bidez salatu zuen ‘Oteiza Argentinan, Jorge Oteizaren hamasei obra’ erakusketan aurkeztutako piezak ez direla Jorge Oteizarenak. Gaur, Donostiako Elizbarrutiko D’museokoek ohar baten bidez defendatu dute erakusketan bildu dituzten obren egiazkotasuna: “D’museoak ez dauka eta ez du inoiz zalantzarik eduki erakusgai jarritako obren egiazkotasunaren eta egiletzaren inguruan, eta bidezkoak ziren egiaztapen, azterlan eta eginbide guztiak gauzatu ditu Erakusketa programatu eta diseinatu baino lehen. Ez genukeen inoiz, inondik inora, obra bakar bat ere erakusgai jarriko, haren egiletzaren gaineko susmorik txikiena ere izan balitz”.
Salaketa “funtsik gabeko” informazioan oinarrituta dagoela dio: “Guk dakigunez, Oteiza Fundazioa ez da D’museora bertaratu, eta hemen erakusgai jarritako piezen azterketa zehatzik ere ez du egin. Horrez gain, Oteiza Fundazioa ez da inoiz ere D’museoarekin harremanetan jarri obren gaineko informaziorik eskatzeko, horrela obren egiazkotasuna kontrastatu eta haren gaineko balorazio serio eta zorrotz bat egin ahal izateko”. Oteiza Fundazioak bere ordezkarien bitartez egindako adierazpenak “arbitrarioak, funsgabeak eta oso kaltegarriak” direla adierazi dute.
Gainera, Oteiza Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak Donostiako erakusketan dauden zenbait obren berri bazutela esan du Donostiako Elizbarrutiko D’museoak. Oteiza museoak bidalitako oharraren arabera, euren artxiboetan ez dago Donostian ikusgai dauden obra horien arrastorik. Honen inguruan zera adierazi du Donostiako museoak: “Erakusgai jarritako obrak ez dira ageri Jorge Oteizaren eskultura-obraren Katalogo arrazoituan, eta hori hala da orain artean ezezagunak zirelako, bildumazale nafar batek obra hauek zeuzkan euskal jatorriko argentinar bati erosi baitzizkion bere garaian, hori guztia erabat egiazta daitekeelarik”.