Hitzarmen duin baten aldeko aldarria ADEGIren egoitzara eraman dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek
Beste bi greba egun egin dituzte aste honetan Gipuzkoako langileek, eta gaur, manifestazioa egin dute ADEGIren egoitzaren aurrean, negoziazio mahaiaren blokeoa salatzeko. Bezperan Amarako sarrera bat itxi zuen LABek.
“Egoera jasanezina”
Gipuzkoako egoitzetako egoera “jasanezina” dela diote sindikatuek. “Bost urte baino gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea”.
Sindikatuen ustez, egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio da. Nabarmendu dutenez, “hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik”. Izan ere, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea da jokoan dagoena, LAB sindikatuaren ustez.
Patronala eta Foru Aldundia erantzule
Bi urteren ostean “erabat blokeatuta” zegoen negoziazio mahaia aktibatzen saiatu ziren sindikatuak, baina patronalak ez zuen proposamenik egin, eta, hori negoziaziorako duen borondate faltaren erakuslea da, beti ere sindikatuen esanetan.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna nabarmendu dute: “Haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausuak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea”. Proposamen “errealak” eskatu dizkiete, Herrialdeko Lan Hitzarmena eta ratioen hobekuntzak adosteko.