Ibaeta Basketek Eurocup txapelketa jokatuko du
Bere historiako denboraldi onena egin ostean, mugarriak lortzen jarraitzen du Ibaeta Basketek, izena eman baitu Eurocup txapelketa handian. “Jokalarien lana eta ahalegina bikainak izan ziren Europan jokatzeko helburua lortzeko, baina Carmen Muguruza buru duen zuzendaritzaren kudeaketak beharrezko baliabideak lortzeko behar adina funts publiko eta laguntza pribatu erakartzeko urratsak eman ditu”, azaldu du klubak, ohar baten bidez.
Izan ere, datorren denboraldira begira, bost babesle berri ditu Ibaeta Basketek, eta klubak gaineratu duenez, aurretik zeuden babesle batzuek “klubarekin duten konpromisoa sendotuko dute”. Eurocupeko izen ematearen baieztapenaren zain daude, baina ezustekorik izan ezean, hilaren 15ean Municheko (Alemania) zozketan izango da talde donostiarra.
Eurocup maila goreneko Europako txapelketa da, eta hainbat herrialdetako 23 taldek jokatzen dute, eta Bourgesek irabazi du azkena.