"Online erosketak erregulatzea beharrezkoa iruditzen zaigu"
Gipuzkoako ehungintza merkataritzako langileek greba egin zuten joan den ostegunean, ekainaren 23an. Donostiako eta inguruko denda askok ateak itxi zituzten, eta beste asko ordu batzuetan zehar egon ziren zabaldu gabe. ELA sindikatuko Tamara Ibañezek eta Aintzane Vazquezek sektorean egiten dute lan, eta beraien egoera azaldu digute.
Ezkerrean, Aintzane Vazquez; eskuinean, Tamara Ibañez. (Argazkia: Sara Ibarguren) Ehungintza merkataritzako langileak zarete. Non egiten duzue lan eta zein da zuen egoera?
Tamara Ibañez (T.I.): Nik Inditex taldeko Stradivarius enpresan egiten dut lan 2007tik. Hasieran, saltzaile gisa egiten nuen lan Donostian; eta, ondoren, arduradun izatera pasa nintzen. Gero, Irunen zabaldu zuten dendara joan nintzen lanera, baina Stradivariusek digitalizazio prozesu bat jarri zuen martxan, eta denda itxi zuten. Ondorioz, Donostiara lekualdatu ninduten berriz.
Aintzane Vazquez (A.V.): Nik Erdialdeko Bershkan egiten dut lan, lanaldi erdira. Erantzukizunezko karguetatik pasa naiz; hirugarren mailako langile izatetik, bigarrenera pasa nintzen, eta lehenengo mailako postuak ere eduki izan ditut. Horrez gain, koordinazio laguntzaile gisa aritu izan naiz lanean, eta inoiz ez dituzte lanaldiak handitu. 2008tik ari naiz lanean bertan.
Zein hitzarmen duzue orain?
T.I.: Bi eta hiru errealitate izatera iritsi gara ehungintza merkataritzan. Gipuzkoako ehungintza merkataritzako hitzarmena 2006tik 2009ra egon zen indarrean. Ondoren, beste hitzarmen bat sinatu zen Garen patronatuarekin, 2010-2018 urteen artean indarrean egon zena. Hitzarmen hori inpugnatu egin zuten Gipuzkoako Merkatarien Federazioak eta Adegik, eta estatutuz kanpoko hitzarmen gisa geratu zen. Orduan, Inditex eta beste etxe batzuek, horien artean H&M eta Cortefiel taldea, hitzarmen hori aplikatzera konprometitu ziren. Hala ere, 2018tik gure soldatak ez dira aldatu.
Zenbat irabazten duzue?
T.I.: Lehenengo mailako saltzaile baten soldata garbia, 2018ko hitzarmenarekin eta lanaldi osora, 1.100 euro ingurukoa da, 1.200 asko jota.
A.V.: Eta lanaldi erdia baduzu eta lehenengo mailako saltzailea bazara, 800 euro eta pikokoa da soldata, ez da 900 eurotara iristen. Horri salmenta komisioak gehitu behar zaizkio, eta asko jota, 900 eurotara iritsi zaitezke, justu-justu. Lehenengo mailakoak ez diren saltzaileek askoz gutxiago irabazten dute lanaldi erdira. Eta 2009ko hitzarmena aplikatzen ari badira, lanaldi osora eta lehenengo mailako saltzaile izanda, 900 euro eta pikokoa da soldata garbia. Gainera, gaur egun sektore honetan lanaldi osoa izatea oso zaila da.
Hitzarmen duin baten alde borrokan ari zarete orain. Zer da eskatzen duzuena?
T.I.: Negoziatzea gustatuko litzaiguke. Hitzarmenak iraunkortasunaren inguruko artikuluak jasotzea nahi dugu, denbora asko daramagulako horrelako eduki garrantzitsurik gabe. Horrez gain, negoziaketa hainbat lerro garrantzitsutara bideratuta egotea nahi dugu: batetik, digitalizazioa erregulatu egin behar da, horrek eragin egiten digulako. Badakigu luzaroko etorri dela, baina erregulatzea nahi dugu, gu hobeto bizitzeko. Horrez gain, urteko lanaldia murriztea, sektorearen partzialitate ez boluntarioa etetea, ordu osagarriak erregulatzea, antzinatasun-plusa eta soldatak igotzea eskatzen dugu.
Noiz hasi zineten baldintza horiek eskatzen?
T.I.: Negoziazio mahaia 2021eko urrian eratu zen, eta ordutik ari gara. Dagoeneko, sei edo zazpi bilera egin ditugu.
Nork osatzen duzue negoziazio mahaia?
T.I.: Patronatu gisa Adegi eta Merkataritza Federazioa daude, eta, beste aldean, sindikatu guztiak.
Nola eboluzionatu du prozesuak ordutik?
T.I.: Egia esan, nahiko blokeatuta dago dena. Lehenengo bileretan Merkataritza Federazioak proposamen bat jarri zuen mahai gainean, gure eskaera guztiei ezetz esaten ziena. Soldatak igotzearen aurka agertu zen, eta hitzarmen honetan dugun onena, bajak osorik ordaintzea, erregulatzeari utzi nahi zioten.
Zenbat langile daude ehungintza merkataritzan Gipuzkoan? Eta Donostian?
T.I.: Gipuzkoan 2.262 langile inguru izango gara. Donostian egiten dugu lan gehienok, eta 800 pertsona inguru gara, gutxi gorabehera.
Joan den astean lanuztea egin zenuten hitzarmen duin bat eskatzeko. Nolako jarraipena izan zuen?
T.I.: Ez daukagu zenbaki zehatz bat, baina nahiko jarraipen ona izan zuen. Gipuzkoan inoiz ez zen horrelako zerbait egin aurretik. Dendak ixtea lortu genuen: Garberako eta Urbilgo Stradivarius dendak, Oyshoren bi dendak, Garberako eta Erdialdeko Bershka, eta Garberako Parfois.
A.V.: Beste denda batzuk ordu batzuetan itxi zituzten edo langile gutxirekin zabaldu zituzten, hala nola, H&M, Boboli, IKKS, Springfield, Massimo Dutti eta Zara.
Zer suposatzen du zuentzat dendak itxi beharra zuen eskubideak aldarrikatzeko?
T.I.: Batez ere, ikusgarritasuna izateko egiten dugu. Herritarrek jakin behar dute gure egoera zein den. Uste dut orain arte inork ez duela pentsatu saltzaileon egoera nolakoa den. Bestalde, dendak itxiz gure enpresaren arreta deitu nahi dugu. Protestak argi azaltzen die enpresei beraien langileak nola dauden.
Lanuztea egiteagatik ordu horiek soldatatik kentzen dizkizuete, ezta?
T.I.: Bai. Egia da ELA sindikatua dugula atzean, eta erresistentzia kutxa bat duenez, hau denboran luzatzen bada, ziurtatuta daukagu falta horren zati bat ordaindua izango dugula. Ez dugu nahi arrazoi ekonomikoak gure borrokarekin jarraitzeko oztopo izatea.
Ezagutzen duzue arrazoi ekonomikoengatik lanuztea egin ez zuen norbait?
T.I.: Bai, argi eta garbi lanuztea ez egiteko arrazoietako bat da. Ditugun soldatak eta saltzaileen %90 haurrak edo bestelako kargak dituzten emakumeak garela kontutan izanda, batzuek ezin izan zuten lanuzterik egin.
Gehienak emakumeak zarete. Horrek ere eragin handia al du zuen baldintzetan?
T.I.: Bai, noski baietz. Orokorrean ikusten ari gara sektore feminizatuak direla prekarioenak. Hala ere, esango nuke gero eta indar gehiago hartzen ari garela.
Lanuztearen eguna San Joan bezpera zela aprobetxatuz, akelarre moduko bat ere egin zenuten kalean. Zer aldarrikatu zenuten?
T.I.: Gezurretako akelarre horretan gure lan baldintzak idatzita zeuden orriak erre genituen, eta baita patronatuak egindako proposamenen bat ere: Kontsumorako Prezioen Indizea ez igotzea, 20-24 orduko lanaldiak eta 2009 edo 2018tik soldatak izoztuta izatea, besteak beste.
A.V.: Baita ordutegi aldaketak ere, goizetik gauera aldatzen baitizkigute. Lanerako prest egon behar dugu egun osoan zehar, batzuetan azkenengo momentuan abisatzen digutelako lanera joan behar dugula. Gure sektorean ez da kontziliazioa existitzen.
Gipuzkoako Merkataritza Federazioari gutun bat bidali nahi izan zenioten.
T.I.: Bai, baina ez ziguten atea ireki. Gutuna ate azpitik sartu genuen, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.
Modaren industria asko eta azkar aldatu da azken urteetan. Online erosketek denda fisikoen amaiera ekarriko dute?
T.I.: Argi dugu helburua hori dela. Merkataritza Federazioak negoziazio mahaian indar handia du. Gehiengoa da, eta gertuko merkataritzaren izenean hartzen du parte mahaian. Uste dugu gertuko merkataritzarentzat ere digitalizazioa erregulatzea garrantzitsua dela, hark ere sufritzen baititu horren kalteak. Hala ere, digitalizazio prozesuetan argi ikusten da helburua saltzaileak botatzea dela.

