San Martin kalea itxi dute, Kontxako eta Erdialdeko lanak direla eta
Asteartetik, Kontxaren eta Urbieta kalearen arteko San Martin kaleko zatian etenda dago zirkulazioa. Soilik baimendutako ibilgailuei uzten diete Kontxatik sartzen. Bestalde, ibilgailuak Zubieta kaletik pasatzen ari dira, bi norabideetan.
Kontxako eta Erdialdeko lanak bukatu bitartean, zirkulazioan hainbat egokitzapen egingo ditu Donostiako Udalak. Horrela, San Martin kalea ibilgailuentzat itxita dago asteartetik, eta Zubieta kalea bi norabidetan erabiltzen ari dira ibilgailuak. Zubieta bi zatitan banatuta dago: bata, Kontxa pasealekuarekin bat egiten duen tokitik Arrasate kaleraino, eta, bestea, Arrasate kaletik Urbieta kaleraino. Kontxa eta Arrasate arteko zatiak (Zaragoza plaza) norabide bikoitza du, eta Arrasatetik (Zaragoza plaza) Urbietara doanak noranzko bakarra du.
Alternatiba gisa, Erdialdetik Antiguara (edo alderantziz) joan nahi duten ibilgailuei Pio Barojatik Izostegi pasealekura doan bidea erabiltzea gomendatzen die udalak. Horrez gain, Antiguatik Erdialdera joateko, Mirakontxa-Zubieta-Urbieta ibilbidea ere egin ahal izango da, eta Erdialdetik Antiguara joateko. Arrasate-Zubieta-Kontxa ibilbidea.
Bidegorriari dagokionez, Easo kalearen eta Kontxaren arteko ibilbidean aldaketa egin dute, eta San Martindik eta Triunfo kaletik izango da behin betiko lotura. Horrela, La Perla ingurua Easo eta Urbieta kaleekin lotuko dute.
Atzerapenarekin itxi zuten
Asteartean ziren San Martin kalea ixtekoak, baina goizean irekita jarraitzen zuen, eta han lanean zebilen mugikortasun agente batek hedabide honi azaldu zionez, ez zekien noiz gauzatuko zuten itxiera. Azkenean, udaleko iturriek azaldu dutenez, arratsaldean itxi zuten, eta «ez zen arazorik izan, LGTBI+ komunitatearen manifestazioa pasatu zen unea kenduta». Itxierak zenbat iraungo duen galdetuta, udaleko iturriek ez dute San Martin kalea irekitzeko data zehatzik eman: «Lanak amaitu ahala irekiko da».
Horrela, eremu horretako zirkulazioa kontrolatzeko, mugikortasun agenteen errefortzuak jarri dituzte lehenengo egunetan, eta hala egiten jarraituko dutela azaldu dute udaleko iturriek, «beharren eta trafikoaren arabera».
Mirakontxa pasealekua, itxita
Mirakontxa pasealekuak itxita jarraituko du Miramar jauregira igotzeko aldean. Handik jaistea, aldiz, posible da. Igoeraren ordezko irtenbide gisa, Kontxa pasealekuko eskuineko erreia ireki dute, ibilgailuak Antigua aldera joateko.
Bestalde, Kontxa pasealekuan, ibilgailuen zirkulazioa itxita dago gauez, 00:00etatik 06:00etara, asfaltatze lanak direla eta.
Dbusen zerbitzuak
Aldaketen ondorioz, Antiguarantz doazen 16-Igeldo, 18-Seminarioa eta B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa lineek Kontxa pasealekua zeharkatzen dute Antiguako tuneleraino eta Pio Barojatik igotzen dira kiroldegiko biribilguneraino; ondoren, ibilbide arrunta egiten dute.
Bestalde, geltoki hauek kendu dituzte: Mirakontxa, Miramar Jauregia, Baenako Dukea, Sanserreka eta Kiroldegia-Sanserreka. Hauek guztiak kiroldegiko biribilgunearen ondoko behin-behineko geltoki batera lekualdatu dituzte. Linea hauek ez dute aldaketarik izango Erdialderako norabidean.