Udarako Donostiara bidali dituzten udaltzainen "%90 erdaldun elebakarrak" direla salatu du LABek
“Arkauteko akademiatik bidalitako udako udaltzain berrien zerrendan, 60 bat udaltzain berrien artean, %90ak euskaraz ez daki, eta, beraz, ez dute dagokien Hizkuntza Eskakizuna betetzen”. Hauxe adierazi du ohar baten bidez LAB sindikatuak. Ohartarazi du Donostian herritarren hizkuntza eskubideak etengabe bortxatuko direla uda honetan, “euskaraz egin nahi duten herritarren hitzak ulertzeko gai ez diren eta euskaraz erantzuteko inolako ezagutzarik ez duten udaltzainez beteko baita Donostia”.
Sindikatuak azaldu duenaren arabera, udako ordezkapenak egiteko udaltzainen artean beti izaten dira euskaraz ez dakitenak. Ordea, azken hiru urteotan egoera okertzen joan dela uste du, “hasieran salbuespena zena egun gehiengo handia bihurtuz”.
Salatu dute Arkautek bidalitako zerrendak ez dituela inondik inora kontratazio hori bideratzeko baldintzak betetzen, eta Donostiako Udalari eskaintza hau onartu izana leporatu diote: “Ez dugu ulertzen Donostiako Udal Gobernuak nola onartu duen Arkauteren eskaintza. Izan ere, Udalak berak finkaturiko baldintzak hankaz gora bota ditu udalak, ‘Segurtasunari lehentasuna eman behar dio’ aitzakia erabiliz.
Kontratazio hori bertan behera uzteko eskatu diote Donostiako Udalari, eta premiazko deialdia udalak berak egin dezan eskatu dute: “Hori izan da duela hiru urte arte egin izan duena. Horretarako aukera du eta hautagai horiei formakuntza saioa emateko modua ere badago. Egun asko dira Euskal Herrian Arkautetik pasa gabe horrela jokatzen duten udalak. Borondate politiko kontua da”.