Villa Salia: aniztasuna kudeatzeko aukera
2021ean Donostiako Udalak iragarri zuen eguneko zentro berria Jai Alaiko Villa Salia eraikinean irekiko zuela. 2023ko udazkenerako aurreikusten da irekiera, eta, parte hartze prozesu bat abiatu zuten arren, bizilagun batzuen beldur eta aurreiritziekin topo egin dute.
Onartzea kostatzen den arren, gure hirian jende asko bizi da kale egoeran. Kalkulatu dute 150 bat lagun daudela kale gorrian, datu zehatzak ematea ezinezkoa den arren. Horietako askok udalaren gizarte zerbitzuak behar izaten dituzte, bizitza ahal den neurrian duintzeko. Funtsezko papera betetzen du San Bartolome kalean dagoen Eguneko Zentroak.
Garazi Montuschi Mujikak, Hiritarron Harrera Sareko kideak (Erdialdea, 1990), eskarmentu handia du egoera zaurgarrian dauden herritarrekin lan egiten. Azaldu duenez, eguneko zentroan bazterkeria egoeran daudenei egunean zehar dituzten behar batzuei bide ematen laguntzen zaie: harrera gune bat, egoteko espazioak, jantoki soziala, erizaintzako eta podologiako kontsultak, aldagelak eta komunak, egunean zehar erabiltzeko armairuak, bai eta langileentzako guneak eta eremu osagarriak ere, hala nola bilera gela, egongela, aldagelak eta komunak, mugikorra kargatzeko aukera, eta abar.
Lokalean hogei pertsona arta daitezke aldi berean, eta erabiltzaile kopuru ezberdina du egunaren arabera. Udalak adierazitakoaren arabera, 2021. urtean 711 pertsona izan ziren lokalean jardueraren bat egiten: 655 gizon eta 46 emakume.
San Bartolomeko zentroa, beraz, oso txikia dela ziurtatzen du, eta, horregatik, udalak, proiektu berria aurkeztu zuen 2021eko urtarrilean: Jai Alain dagoen Villa Salia eraikinean irekiko dute.
Kezka segurtasunaren inguruan
IRUTXULOKO HITZA-k Villa Salia Auzo Elkartea delakoarekin hitz egin du, bere izena eman nahi izan ez duen bizilagun batekin. Hark esandakoaren arabera, “ez daude batere lasai proiektu honekin”. Argitzen du “ez daudela kontra”, baina auzoak “beste behar batzuk” dituela ziurtatzen du.
Bizilagunak uste du proiektu hau ez dela “auzotarrentzat”, “besteentzat eta kanpokoentzat” baizik. Segurtasunak kezkatzen ditu, batez ere: “Jai Alai oso auzo lasaia da, bizilagun lasai eta ongi hezitakoekin. Udalak bermatu behar du bertako segurtasuna”.
Nabarmentzen du “ez duela aurreiritzirik”, baina, azkenaldian, auzoan “hainbat kanpotar etxeetako leihoak begiratzen” ari direla dio. Eguneko zentroan “jende hori” auzoan ibiltzea da kezkatzen dituena: “19:00etan, zentroa itxi ostean, zer egingo dute? Hemen geldituko dira? Udalak ez digu erantzunik ematen”.
Parte hartze prozesua, bertan behera
2021ean, Donostiako Udalak parte hartze prozesu bat abiatu zuen Villa Salian zer egin adosteko. Legardaren ustez, “benetako” borondatea zegoen bizilagunen, elkarteen eta kale egoeran dauden pertsonen artean harreman eta sareak sortzeko.
Bilera horiek “batere produktiboak” ez zirela argudiatuta bertan behera geratu ziren. Izan ere, bizilagun batzuk proiektua zalantzan jartzera joan ziren, aipatutako segurtasunari lotutako bermeak eskatzeko. Azaldu dutenez, denbora guztian gauza berberen inguruan ari ziren eta “ez aurrera, ez atzera” geratu ziren. Udalak bertan behera uztea erabaki zuen, “modu berriak bilatzeko”.
Partaidetza sailak adierazi duenez, “elkarrekin aurrera egiten lagunduko diguten beste bide batzuk definitzen” ari dira orain, parte hartze prozesuaren bi faseak behin amaituta.
Nimby efektua
Bizilagun hauen iritzia “eztabaidatzeko asmorik gabe”, beste ikuspegi batez ohartarazi du Imanol Legarda Diaz-Aguadok, SOS Arrazakeriako kideak. Elkarteak Nimby efektuaz ohartarazi du: Ingelesetik dator, Not in my backyard esalditik, (ez nire etxe ondoan). “Proiektu baten kontra azaldu gabe, proiektu hori zure inguruan nahi ez duzunean erabiltzen da, ‘Ez daukat ezer kale egoeran daudenen kontra, baina ez ditut nire auzoan nahi’ esanez bezala”.
Elkarteak dioenez, “badakigu azken urteotan auzoan liskarrak izan direla, baina Villa Saliak ez du zertan arazo gehiago erakarri. Guztiontzako, eta batez ere behar larriak asebete gabe dituztenentzako, gero eta baliabide publiko gehiago egon, elkarbizitza osasuntsuago bat garatuko delakoan gaude”.
Segurtasunari lotutako arazoez galdetuta, honakoa dio udalak: “Urte askotako esperientziak erakutsi digu honen moduko zerbitzuek ez dituztela normalean segurtasun arazorik sortzen. Ez du aparteko arazorik sortu arlo horretan gaur egun San Bartolome kalean dagoenak, ez eta beste hiri batzuetan zerbitzu bera eskaintzen duten beste zentro batzuek ere”.
Villa Salia, aukera
Hau Egia Da izeneko egitasmoak 2019an egin zuen diagnostikoan auzoan dagoen aniztasunari erreparatu zitzaiola azaldu du Legardak: Leku berberaj erabili arren, elkar ukitzen ez duten komunitatez osatuta dagoela azaltzen da bertan, “elkarrekin harremana ez dutenak, alegia”.
“Villa Salia espazio fisiko bat izango den heinean, aukera hobea izango da lehendik zeuden sareak indartzeko”. Topagune gisa irudikatzen dute Legardak eta Montuschik.
Hainbat ideia atera izan dira: baratze komunitarioak, bizikletak konpontzeko tailerrak… “Espazio fisikoak, zein bestelako egitasmoak sortu behar ditugu. Honela, gero eta harreman gehiago eduki, aurreiritziak ezabatu egiten dira”.
Egia, auzo bizia
Desadostasunez harago, Egian jada hainbat dinamika martxan daudela nabarmendu dute Legardak eta Montuschik. Egiazko Auzoa proiektua aipatu dute, adibidez: “Hau Egia Da egitasmoaren jarraipena da. Hasiera batean Emaus eta SOS Arrazakeria bazeuden ere, hainbat eragilek hartu dute parte: Hiritarron Harrera Sarea, Cristina Enea Fundazioa, Egiako Gaztelekuak… Lan arlo ezberdinak dituzten eragileak dira, baina denak doaz norabide berean”.
Montuschik ere gogora ekarri du kalean ematen diren afari solidarioetan Egiako bizilagun askok parte hartzen dutela, kultura eta jatorri ezberdinetako jendea elkar ezagutuz. “Horrelako espazioak gero eta duinagoak egiten badira, horrelako topaguneek emaitza hobeak izango dituzte eta Villa Salia aukera bat izan daiteke, zentzu horretan”.
Ez dagoelako “bertako eta kanpoko” dikotomiarik. Elkar ezagutzea delako aurreiritzirik ez izateko lehen urratsa.