Igeldokoek umore on bezain horia dute
Nork ez du inoiz ikusi telebistan Humor Amarillo lehiaketa? Duela urte batzuk arrakasta handia zuen, eta asko ziren asteburuetan, goizak telebistaren aurrean pasatzen zituztenak, lehenengo Pressing Catch eta gero Humor Amarillo ikusten zuten, beti Chino Cudeiro-aren bila. Dirudienez, Igeldon saio horren oso zaleak ziren, eta 2018ko eta 2019ko jaietan izandako arrakastaren ostean, Umore Horia lehiaketa berreskuratu dute 2022ko San Pedro jaietan, herriko plazan bildutako haur, gazte eta helduen gozamenerako.
Hiru taldek hartu dute parte: Txapela taldeak, talde moreak eta talde beltzak. Eta, lehiaketak lau proba izan ditu: Boloak, Bizikleta Lasterketa Mantsoa, Bolajalea eta Esku Erraldoiak. Lehenengoan, talde bateko lau kidek boloarena egiten duten bitartean, beste talde bateko kide batek, begiak itxita, bola erraldoi bat botatzen du haien kontra, lurrera botatzeko helburuarekin; eta, horrela txandaka. Bigarren proban, lasterketako ibilbidea denbora gehienean egiten duen taldeak irabazten du. Hirugarrenean, talde bakoitzeko bi kidek hartzen dute parte: bat patin baten gainean etzaten da eta besteak hanketatik hartzen du, taldekidea aurrera eta atzera mugitzeko, erdian dauden bolak hartzeko helburuarekin; bola gehien hartzen dituenak irabazten du. Azkenik, laugarren proban, esku erraldoiz janzten da taldekide bana, eta txanda bakoitzean dagokion sinboloa duen koltxoira joan behar dira saltoka, koltxoira botatzeko.
Lau probak amaitzerakoan, Txapela taldeak 11 puntu zituen, eta talde moreak eta beltzak hamaseina. Berdinketa hausteko, Bolajalearen proba errepikatu dute, eta talde bakoitzeko bi kidek lehiatu dira. Azkenean, eta moreek “injustizia” eta “tongoa” izan dela salatu badute ere, epaileak talde beltzak irabazi du lehiaketa. Horrela ere, denek elkarrekin jarraitu dute jaiak ospatzen giro ederrean, oraindik egitarau zabala baitute aurretik. Pena bakarra, Chino Cudeiro-a ez dela azaldu!
Jarraian, Umore Horia lehiaketaren bideoa eta irudi bilduma ikus ditzakezue; irudi bildumaren amaieran, azken astean Igeldoko jaietan egindako beste hainbat argazki daude: