Bandera bana eskuratu dute Donostia Arraun Lagunakek eta Donostiarrak
Liga hasiera ezin hobea eta asteburu paregabea izan da Donostiako lehen mailako traineruentzat.

Herenegun, Euskotren ligako lehen bandera eskuratu zuen Donostia Arraun Lagunakek, Bilboko ibaian. Atzo, berriz, etxeko bandera astindu zuen gizonezkoen Donostiarrak, Kontxako badian estropada bikaina egin ondoren.
Larunbatean, Bilboko uretan jokatu zen Euskotren eta Euskolabel ligetako lehen jardunaldia. Erlojuaren kontrako saioari aurre egin behar izan zieten traineruek. Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunakek denbora aparta eginez irabazi zuen (10:39,28). Orio izan zen bigarren (10:44,28), Donostiarra hirugarren (10:50,74) eta Tolosaldea laugarren (10:59,36). Aldiz, gizonezkoetan, Oriok egin zuen denborarik onena (19:42,20), Donostiarra izan zen bigarren (19:45,90), Hondarribia laugarren (19:50,16) eta Zierbena laugarren (19:51,02).
Atzo, Bilboko ibaitik Donostiako itsasora joan ziren hamasei traineruak, eta irabazleak beste batzuk izan ziren. Nesketan, Oriok (11:17,54) aurrea hartu zion Donostia Arraun Lagunaki (11:22,12) buruz burukoan. Donostiarra hirugarren izan zen (11:47,90), berriz ere, eta Tolosaldea laugarren (11:48,60). Sailkapen nagusian, Donostia Arraun Lagunak eta Orio berdinduta daude lehen postuan 7 punturekin. Donostiarra hirugarren tokian dago 4 punturekin, eta Tolosaldea laugarren 2 punturekin. Gizonezkoetan, berriz, Donostiarrak sekulako estropada eginez eskuratu zuen etxeko bandera (20:35,57). Hondarribia izan zen bigarren, Urdaibai hirugarren eta Orio laugarren. Sailkapen nagusian, Donostiarra da liderra 23 punturekin.
KAE 2 ligan, Donostiarraren bigarren taldeak ere maila oso ona eman zuen. Larunbatean Mutrikun eta atzo Donostian hirugarren denborarik onena egin zuten. Horri esker, sailkapeneko hirugarren tokian daude orain.