Dbus modernizatzeko 3,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute
Donostiako Tranbia Konpainiaren garraio zerbitzua eguneratu, hobetu eta berrituko du udalak. Aurrekontua 3.590.000 eurokoa da, eta Europako Next Generation funtsen bidez finantzatuko dute. Proiektuak 36 hilabeteko egikaritze epea du, eta 2024ko ekainerako amaituta egotea aurreikusten dute.
Hamaika hobekuntza egitea aurreikusi dute Innobus-Tur izeneko programaren barruan: ordainbideak digitalizatzea, lan harremanak digitalizatzea, komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea, markesina adimendunak jartzea, flota jasangarri bat edukitzako tailerreko jarduerak digitalizatzea, bideo zaintza sistema hobetzea, parekatzearen aurkako eta gidatze eraginkorreko sistema bat jartzea, edukiera kontrolatzeko eta jatorri helmuga matrizeak kalkulatzeko sistema bat jartzea, autobusen sentsorizazio eta monitorizazio sistema bat jartzea, eskaria aurreikusi eta geldialdiak sentsorizatzeko sistemak jartzea, eta giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko plangintza sistema adituak hobetzea.
Donostia, Mallorca, Malaga eta Kanaria Handiko Las Palmas hirien arteko lankidetza egitasmoa da Innobus-Tur. Autobus zerbitzuak berritzea eta garatzea du helburu, eraginkortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko. Zerbitzuak digitalizatzea da beste xedeetako bat.