Gipuzkoa plazako geltokiak lekualdatzeko asmoari eusten dio udalak
Zalaparta sortu du Gipuzkoa plazako herriarteko autobus geltokiak lekualdatzeko proposamenak. Donostiako Udal Gobernuaren asmoa pasa den astean azaleratu zen, Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki horren inguruko alegazio bat onartu ondoren. Aipaturiko geltokiak Gipuzkoa plazatik Foruen pasealekura lekualdatzea proposatu dio udalak Gipuzkoako Aldundiari.
Horren berri izatean, erabiltzaile eta herritar ugari kexatu dira. Era berean, PSE-EE kritiko azaldu da EAJren jokabidearekin. Gogora dezagun udalean eta aldundian gobernu akordioa dutela bi alderdiek. EH Bilduk, berriz, mugikortasun planaren “kudeaketa negargarria” salatu du.
Dena dela, EAJren eskumeneko Mugikortasun sailak Datorren Donostia planarekin aurrera egiteko asmoa du. Hain zuzen ere, hiriko zirkulazioaren berrantolaketa lantzen ari dira; tartean, garraio publikoarena. Horren baitakoa da Gipuzkoa plazako geltokiak lekualdatzeko asmoa. Udaleko iturrien arabera, geralekuak 200 metro mugitu nahi dituzte, eta gaia aldundiarekin lantzen ari dira.