Gipuzkoako ostatuetan akordioa lortu dute, greba bezperetan
Gipuzkoako ostatuetako langileek euren lan baldintzak “nabarmenki hobetzea” lortu dutela nabarmendu du LAB sindikatuak. Azken erredakzioa ikusteko zain, gaur, ekainak 5, patronalak baiezkoa eman die langileen eskakizunei.
Soldatei dagokionez, KPIaren igoerak datozen urteetarako (2022-2024) eta gaueko txandaren prezioa %25ean ezartzea lortu da. “Bestalde, LAB sindikatuarentzat bereziki garrantzitsua da okerren daudenekiko hobekuntzak egitea. Horrela, pisuetako zerbitzari deritzenentzat, 7 orduko murrizketa urte bakoitzean eta ratioak ezartzeko betebeharra lortu dira”, azaldu du sindikatuak.
Testuari azken ukituak biharko bileran emango zaizkion arren, greba bertan behera uztea erabaki dute. LAB-ek langileek erakutsi duten “irmotasuna eta batasuna” azpimarratu ditu ohar baten bidez.