Hasi da Donosti Cup txapelketa

donosti cup Anoeta estadioan egin zuten Donosti Cup txapelketaren inaugurazio ekitaldia. (Argazkia: Donostiako Udala)

Bi urtez bere horretan antolatu ezin ostean, bueltan da Donosti Cup futbol txapelketa Donostiara, bere 30. urteurrenean; astelehen gauean egin zuten inaugurazio ekitaldia, Anoeta estadioan. Ohiko legez, txapelketan parte hartuko duten talde guztien desfilea egin zuten, eta ekitaldi jendetsua izan zen.

30. Donosti Cupean parte hartuko duten 754 taldeek desfilatu zuten, bakoitza bere taldeko edo herrialdeko uniformearekin eta banderarekin. Guztira, 12.200 jokalarik hartuko dute parte txapelketan. Gainera, inoizko handiena izango da, baina baita nazioartekoena ere: 166 talde atzerritar egongo dira. Hedabide honek, 30. urteurrenaren bueltan, Donosti Cupari buruzko erreportajea ondu zuen joan den astean, eta hemen irakur dezakezue.

Hilaren 9ra arte iraungo du txapelketak, eta finalak Anoetan jokatuko dituzte. Horrez gain, parte hartzaile guztiei domina bana emango diete, 30. urteurrena dela eta. Berritasun gisa, partida bat jokatuko dute Martuteneko espetxean. Talde bat preso dauden pertsonez osatuta egongo da, eta, bestea, txapelketan parte hartuko duten hainbat taldetako jokalariz osatua.

HITZAkide HITZAkide