Mugikortasun planaren "kudeaketa negargarria" salatu du EH Bilduk

EH Bilduk gogor kritikatu du Donostiako Udalak aurrera daraman mugikortasun plana. Salatu duenez, udal gobernuak gizartean “alarma egoera” sortu du, Gipuzkoa plazatik herriarteko autobus geltokiak kendu nahi dituztela jakinaraztean. Koalizioaren hitzetan, “kudeaketa negargarria” egiten ari da Eneko Goiaren gobernua.
Salatu dutenez, “garraio publikoaren aldeko apustu garbia” egin beharrean, iragarritako proposamenak “Donostiako erdialdera autoz sartzea erraztuko du, garraio publikoan sartzea zailtzen den bitartean”. Datorren Donostia mugikortasun planak ibilgailuak erdigunean sartzeko baimenak arautuko ditu, baina EH Bilduren ustez, “gaur egun erdigunera iristen diren ibilgailu pribatu ia guztiak baimenduak izango dira etorkizunean ere”.
2021eko azaroaren 19an Eneko Goiak eta Pilar Aranak Datorren Donostia mugikortasun plana aurkeztu zutenean, EH Bilduk adierazi zuen “musika gustatzen” zitzaiola, baina “hitzak ekintza bihurtu arte itxarongo” zutela. Udal taldea, “erantzukizunez” aritu zen, eta “hasierako bileretan aktiboki” parte hartu zuen: “Besteak beste, plan bat aurkeztu genuen lur azpiko aparkalekuen funtzioak progresiboki aldatzen joateko; bestela, CO2 emisioen murrizketak oso urriak izango bailirateke. Baina EAJk eta PSE-EEk baztertu egin zuten gure proposamena”.
Kezken artean, Dbuseko geltokiekin zer gerta daitekeen aipatu du EH Bilduk: “Geltokiekin eta lineekin zer gertatuko den azaltzen duen txostena eskatu izan dugu sarritan, baina udal gobernuak ez digu orain arte horren berririk eman. Lurraldebuseko geltokiekin egingo dutena ikusita, beldur gara Dbuseko geltokiekin zer gertatuko den”.
Horregatik EH Bilduk ekimen bat aurkeztu du, udal gobernuak herritarrei azal diezaieten zergatik den premiazkoagoa Lurraldebuseko geralekuak erdigunetik ateratzea beste gai batzuk baino. Esaterako,, zentroko lur azpiko aparkalekuen funtzioen aldaketa aztertzea.