Realak datorren denboraldiko kamisetak aurkeztu ditu
2022-2023 denboraldiko elastiko berriak aurkeztu ditu Realak. Bi dira Macron markak diseinaturiko modeloak: home txuri-urdinak eta away beltza, detaile urdin eta grisekin. Bi kasuetan efektu grafikoak dira protagonista. Cazoo babesle nagusi berria ere bi kamisetetan agertzen da. Hilaren 16tik aurrera denda ofizialetan eskuratu ahal izango da kamiseta txuri-urdina. Aldiz, beltza hilabete bukaeran.
Home kamisetak marra bertikal zuri eta urdinak ditu, aurrealdeko pintzelada artistikoekin. Atzealdeko behealdean ere marra horiek daude. Dortsalaren gunea, berriz, urdina da eta hainbat pintzelada ditu. Silikonazko ikurrina ere badarama. Mao lepoa dauka eta, barrualdean, armarria eta Realaren bihotza leloa ageri dira. Bularraren eskuinaldean, Macron Hero eta, ezkerraldean, Realaren armarria erliebean eta koloretan, eta silueta zuriz. Jokorako galtzak zuriak dira, eta marra urdinak eta pintzelada artistikoak dituzte alboetan. Galtzerdiak zuriak dira. Goiko aldean urdinak agintzen du eta erdi aldean marra horizontalak dituzte.
Away elastikoa, berriz, beltza da, eta marra horizontal grisak ditu, bai aurrealdean, bai mahuketan. Mao lepoa dauka eta ertz zuri eta urdina. Lepoaren behealdean ere Realaren bihotza leloa irakur daiteke eta kanpotik ikurrina da protagonista. Macron Hero bularraren eskuinaldean ageri da eta Realaren armarria ezkerrean. Biak dira silikonazkoak eta urdinak. Galtzak beltzak dira eta galtzerdiak ere bai. Bi zerrenda horizontal urdin eta zuri dituzte goialdean.
Zubieta 1952
Zubieta 1952 bildumako kamiseta berriak ere salgai daude dagoeneko. Imanol, Nerea, Isak, Oyarzabal, Aritz, Remiro eta Merino dira protagonistak horietan. Diseinuak Marrazketabarrenak dira, eta kamisetak gris antrazita kolorekoak. Jokalari bakoitzak bere kolorea du eta guztiek dute, gainera, bertsio komun bat.