Etxebizitzari buruzko ezohiko udalbatzarra hilaren 18an egingo dute
EH Bilduk nabarmendu duenez, lehen aldia da oposizioko alderdiek horrelako ezohiko udalbatzar bat eskatzen dutela.

Ekaina bukaeran, Donostiako etxebizitzaren arazoari buruz hitz egiteko ezohiko osoko bilkura bat egitea eskatu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. Donostiako Udalbatzaren araudiaren 52. artikuluan oinarrituta egin zuten eskaera, eta Eneko Goia alkateak hamabost egun baliodun zituen deialdia egiteko. Azkenik, aukeratu dute eguna, eta hilaren 18an izango da, datorren asteko astelehenean, 10:00etan. Biharko bozeramaileen batzordean jorratuko dute gaia, eta hizlarien denborak banatuko dituzte.
Bi udal taldeek nabarmendu dute Donostiako etxebizitzaren arazoa egunetik egunera okerrera doala. “Donostiarron arazorik larriena da, eta ezinbesteko bihurtu da epe labur, ertain eta luzerako egiturazko neurriak hartzea. Izan ere, gure arkitektura juridikoan ere horrela jasota dagoen arren, oraindik ere gogorarazi behar da etxebizitza, ororen gainetik, herritarren eskubidea dela”, gaineratu dute.
Datuez harago, Donostiako etxebizitzaren arazoa “erreala” dela diote EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, eta “ondorio dramatikoak” dituela pertsonentzat. Horiek horrela, bi udal taldeei “funtsezkoa” iruditzen zaie etxebizitzaren arazoari buruzko eztabaida publiko “sakon bat” egitea.