Amarako bizilagunak haserre daude San Rokeko eskailera mekanikoen egoerarekin
Amarako San Roke kaleko eskailera mekanikoetan konponketa lanak egiten ari da udala, eta denbora asko daramate geldirik horregatik; gainera, ekainaren amaieran jakinarazi zuten ia hiru hilabetez egongo direla geldirik, lanetan arazoak izaten ari direlako; ordurako, hilabete inguru zeramaten geldirik. Horren aurrean, auzoko bizilagunak haserre agertu dira, eta asteazkenean elkarretaratzea egin zuten eskaileren aurrean, protesta gisa, Aski da! Konpondu San Rokeko eskaileren arazoa! lelopean.
Horrez gain, Amarako bizilagunek San Roke inguruko beste kexa bat ere helarazi diote hedabide honi. Hain zuzen ere, San Roke kaleko 12. zenbakiaren inguruko bideko bankuen egoera txarra salatu dute. Belarra oso altu dago eremu horretan, eta herritarrek bankuak atsedenerako erabiltzea zailtzen du. Eremu hori guztia “oso utzita” dagoela salatu dute.