Anoeta estadioa Munduko Txapelketako egoitza izateko aurkeztu dute

Baliteke 2030eko futboleko Munduko Txapelketako partida batzuk Donostiako Anoeta estadioan jokatzea. Espainiako Estatuak eta Portugalek zortzi urte barruko Munduko Txapelketa hartzeko hautagaitza bateratua prestatzen ari dira, eta Gipuzkoako hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Donostiako Udala harremanetan jarri da Espainiako Futbol Federazioarekin, Anoeta estadioa hautagaitza horren barruan sartzeko interesa duela helarazteko. Udala Realarekin elkarlanean ari da horretarako.
Interes hori helarazteko epea astelehenean amaitu zen, baina aipatu hedabideen informazioaren arabera, udala astelehenaren aurretik jarri zen federazioarekin harremanetan. Interesatutako hiri guztiak Las Rozasen (Madril), Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan bilduko dira uztailaren 14an, hautagaitzaren nondik norakoak ezagutzeko.
Donostiaz gain, estatuko hiri hauek daude interesatuta: Valentziak, Zaragozak eta Kanaria Handiko Las Palmasek publikoki adierazi dute Munduko Txapelketako egoitza izan nahi dutela. Bestalde, aurreikusten da hirien zerrendan Madril, Bartzelona, Sevilla, Bilbo eta Malaga egotea gutxienez, baita Portugalgo Lisboa eta Porto hiriak ere. Espainia-Portugal hautagaitzak hamalau egoitza aurkeztuko ditu (gutxienekoa hamabi dira): hamaika Espainiako Estatuan eta hiru Portugalen.