Cementos Rezolak auzipetutako langileei babesa eta elkartasuna adierazi diete
Añorgako Cementos Rezola enpresak auzitara sartu ditu sei langile, “greba eskubidearen gehiegizko erabilera” argudiatuta, eta gaur, hilaren 7an, pasatu dira Donostiako epaitegietatik, deklaratzeko. Horren aurrean, LAB sindikatuak “babesa eta elkartasuna” adierazi die auzipetutako langileei, epaitegien aurrean egin duen elkarretaratze baten bidez, Jazarpen sindikalik ez! lelopean.
2020tik, aipatu enpresako langileak euren lan baldintzak hobetzeko hitzarmen baten alde borrokatzen ari dira, eta testuinguru horretan, hainbat lanuzte egin zituzten iazko ekainetik aurrera, LAB sindikatuak antolatuta. LABeko industria saileko Asier Calderon kideak azaldu duenez, “enpresaren arabera, azaroan egindako lanuzte batzuek greba eskubidearen gehiegizko erabilera suposatu zuten. Izan ere, enpresan labe batzuk erabiltzen dira, ez direnak momentuan itzali eta pizten, eta egun horietan egin ziren lanuzteek hiru txandei eragiten zieten”.
Gehitu duenez, lanuzteak ez ziren “borondate txarrez” egin, baizik eta hiru txandetan eragina izateko. Era berean, Cementos Rezola ohartarazi du: “Honek aitzinera jarraitzen badu, enpresak langileen aldeko elkartasun uholde hau aurkituko du behar den leku guztietan”. Hain zuzen ere, asteazkenean bide mozketa bat egin zuten Añorgan, langileei elkartasuna adierazteko.
Jarraian, Calderonek hedabide honi eskainitako azalpenak, bideoak: