"Erdigunea da Amara gaur egun, eta horrek markatuko du auzoaren etorkizuna"
Iñaki Egaña historialaria, La Bodeguilla tabernan egindako elkarrizketan. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Aski ezaguna da Iñaki Egaña Sevilla historialari donostiarra (Amara, 1958) Euskal Herri osoan, bereziki memoria historikoaren arloan egin duen lan handiarengatik. Amarako semea da, auzoan egiten du bizitza, Donosti Berri elkarteko bazkide da aspalditik, eta hain zuzen ere, auzoaren historiari buruzko Irutxulo Zar, Donosti Berri. Amarako istorio bat liburua argitaratu berri du, elkartearen mendeurrenaren harira.
Liburuaren bueltan, IRUTXULOKO HITZA Amarako La Bodeguilla tabernan elkartu da berarekin, eta luze eta zabal hitz egin du. Besteak beste, auzoari buruz, auzoan bizitakoei buruz, historialari gisa emandako lehenengo pausoez eta bere ibilbideaz mintzatu da, eta hainbat bitxikeria kontatu ditu. Elkarrizketa osoa ostiralean irakurri ahalko da osorik, paperezko astekarian zein webgune honetan. Ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Nola jaso zenuen liburua idazteko enkargua?
Urteak daramatzat auzoko albisteak gordetzen. Mendeurrenaren harira, berehala onartu nuen erronka.
Ez zitzaidan asko kostatu idaztea, pare bat hilabete, baina aldez aurretik egin den lana izugarria izan da: alde batetik, dokumentazio lana; horrelako bost liburu idazteko bitxikeria adina ditut dokumentatuta. Bestetik, beste iturri bat lekukoak izan dira, beharrezkoa zelako auzoko zaharrenekin hitz egitea. Hemen badaude pare bat kuadrilla, poteatzen ibiltzen den gizon kuadrilla bat (kide zaharrenak 75 urte ditu) eta egunero Easo plazako terrazaren batean biltzen den 80 urtetik gorako emakume kuadrilla bat, eta beraiekin hitz eginda osatu dut Plazaren memoria kapitulua.
Amarako bizilagun gisa, berezia da liburua?
Berezia da, azken finean zure bizitzaren zati bat delako. Hemen hazi direlako nire seme-alabak eta hemengoa delako nire bikotekidea. Ez da soilik nire bizitzaren ibilbidea, baita nire bikotekidearena eta nire seme-alabenena ere. Eta, bide batez, nire lagunen bizitzaren parte bat ere bada, gure garaian, auzoan osatzen baikenuen kuadrilla. Horrek erakusten du garai batean auzoek eta herri txikiek alde horretatik zuten indarra, gaur egun desagertzear dagoena. Ez onerako eta ez txarrerako, desberdina da.
Ildo horretatik, auzoa bizitzen ari den eta biziko dituen hirigintza aldaketekin, auzoaren izaera desagertzera doa: tren geltokiak garrantzi handia izan du historikoki, neurri handi batean auzoaren nortasuna markatu duelako, baina desagertzear dago. Eta, horrekin batera, auzoaren nortasuna desagertuko da, etxe berriak eraikiko dituztelako, eta badakigu non gauden: Donostiako erdigunea da hau gaur egun, eta etxebizitzak asko garestituko dira. Horrek markatuko du auzoaren etorkizuna, nire ustez, txarrerako. Gutxienez, idatzita utzi nahi nuen orain arte auzoa zer izan den.
36ko gerran errepresaliatu zituzten auzokideei omenaldia egin zenieten duela gutxi.
Elkartearen mendeurrenaren harira, Marcelino Celigueta omentzeko ideia atera zen [elkarteko presidente izandakoa, frankistek fusilatua], baina erabaki genuen zerbait zabalagoa egitea, eta behingoz auzoko errepresaliatuei merezi zuten omenaldia egitea. Ideologia guztietako jendea zegoen omenaldian. Azken unera arte, biktima baten senideak etorriko ote ziren zalantza nuen, EAJren jarraitzaile sutsuak direlako. Azkenean, azaldu ziren, eta polita izan zen.
Liburuan badago bereziki gustatzen zaizun bitxikeriarik?
Asko daude. Adibidez, urte luzez barre eginarazi digun bitxikeria bat dago: 60ko hamarkadan aktibismo handia zegoen auzoan, eta garai hartan ere bazegoen talka bat abertzaleen eta espainolisten artean. Horrela, auzoko batek, gau batean, frontoian zera zioen pintaketa egin zuen: ‘Amara obrera jamás será pececera’. Totela zen, eta, hurrengo egunean, denok esan genion bagenekiela bera izan zela. ‘Nola jakin duzue?’, esaten zigun… [barrez]. Bitxikeria liburuan sartzeko baimena eskatu nionean, kontatu zidan zeinekin egin zuen pintaketa hori: Txelisekin [Jose Luis Alvarez Santacristina], gero ETAko zuzendaritzan ibili zenarekin.

