Ainhoa Mujika eta Ion Olarra Egiako presoak, hogei urte kartzelan
Egiako Sarek dinamika berri bat aurkeztu du ostegunean, Ainhoa Mujika Goñi eta Ion Olarra Guridi Egiako presoek bizi duten egoera salatzeko. Hainbat auzokide batu ziren atzo, Egiako Plaza Berrin, elkartasun argazkia atera, eta iraila bitarte egingo duten dinamika aurkezteko.
Giza eskubideen aurkakoa da, Sareren ustez, bi presoek bizi duten egoera, “salbuespeneko legediak ezkutuko bizi osorako zigorra” dakarrelako bere baitan.
Mujika eta Olarra Logroñoko kartzelan daude joan den apiriletik. Salatu dutenez, behin-behinekoz eraman zituzten bertara, “baina behin-behinekotasuna betikotzen ari dela dirudi eta urtea betea dute bertan. Noiz arte?” galdetu dute. Logroñon egoteak eta behin-betiko destinoa ez edukitzeak “zuzenean eragiten du beraien zigorren luzatzea, izan ere, ezin dute kartzela araudian zehaztuta dauden hainbat baimenez gozatu”.
Sarek uste du egoerari irtenbidea bilatu behar zaiola, bi presoek kartzelaren zigorraren erdia beteta dutelako, eta hiru laurdenak betetzear daudelako, eta, horrek, hainbat eskubide ekarri beharko lituzkeelako. Gaineratu dutenez, “7/2014 salbuespen legea ere ezarri diete, hau da, jada betea duten zigorra berriro betetzera zigortu dituzte”. Izan ere, Frantziako Estatuan bosna urte eman dituzte kartzelan, eta, kondena hori berriz betetzen ari dira Espainiako Estatuan.
“Azken urteetan pozgarriak eta esperantzagarriak diren hainbat urrats eta aldaketa” ikusten dituzten arren, “oraindik salbuespenezko neurriak ezartzen zaizkie euskal presoei”. Horregatik mobilizazioak antolatzen jarraitu beharra dagoela uste du Sarek, eta, Egia auzoan hainbat ekimen prestatu dituzte iraila bitarte.