Amara Berriko Karmengo jaiak danborrada jendetsu batekin itzuliko dira
Azken sei urteetan, jai horiek indarra galdu eta soilik sardina jana mantendu badute ere, berriro ere gogotsu elkartu eta hiru eguneko egitaraua antolatzera animatu da auzoko jai batzordea.
Begoña Oses eta Iñaki Olasagasti, jai batzordeko kideak. (Argazkia: Sara Ibarguren) Amara Berriko Karmengo jaiak indartsu itzuliko dira aurten, festak azkenengo aldiz, eta fundamentuz, 2016an egin ostean. Uztailaren 15etik 17ra, auzoan ez dira faltako kontzertuak, ikuskizunak, haurrentzako jolasak, danborrada eta sardina jana, besteak beste. Azken hori izan da, hain zuzen ere, azken urteetan mantendu izan den jarduera bakarra. “2016an antolatu genituen festak azkenengo aldiz. Egitarau zabala genuen ordura arte, baina antolakuntzan oso jende gutxi geunden, eta nik uztea erabaki nuen. Antolakuntzako gainerako kideek asko maite nautenez, esan zuten ni joanez gero, beraiek ere festak antolatzeari uko egingo ziotela. Beraz, jai batzordea bertan behera geratu zen”, azaldu du Iñaki Olasagastik, Amara Berriko jai batzordeko kideak.
8.500 idatzi inguru banatu zituzten bizilagunen artean, jaiak bertan behera uztearen zergatia azaltzeko eta auzotarrei antolakuntzan parte hartzeko gonbidapena luzatzeko. Zoritxarrez, inork ez zuen jai batzordera batu nahi izan. “Sardina jana bakarrik mantendu genuen ondorengo urteetan, izan ere, ezer antolatzen ez badugu, udalak jaiak egutegitik kentzen ditu, eta ezin dira berriz antolatu”, gehitu du Begoña Oses-ek, jai batzordeko beste kide batek.
Aurten ere, soilik sardina jana prestatzea aurreikusten zuten hasieran, baina Ernest Lluch kultur etxeak auzoko Banda Bi taldearen kontzertua antolatzea eskaini zien, eta agertoki bat jarriko zutenez, ezin zutela hori bakarrik antolatu pentsatu zuten. “Agertokia muntatu behar dutenez, egitaraua zabaltzea erabaki genuen. Besteak beste, danborrada berreskuratzea pentsatu dugu, eta, azkenean, 115 pertsona inguru elkartuko gara”, adierazi du Olasagastik.
Horrela, egitaraua zabaltzen joan dira pixkanaka, eta, festek hiru egun iraungo dute azkenean. Hori bai, jai batzordeko kideek argi dute zama guztia ez dutela beraien gain hartu nahi. “Ahalik eta lan gehien egin nahi dugu, ahalik eta esfortzu txikiena eginez”, azaldu du. Horregatik, antolatu dituzten jardueren ardura egitarauan parte hartuko duten guztien artean banatzea erabaki dute.
Jaietako elastiko berriak ere prestatu dituzte, berrikuntza batekin: orain arte, Amara Berriko jaietako ikurra balea hori bat zen, baina aurten kolorez jantziko da balea hori, hainbeste urteren ostean, jaiek indar gehiago izan dezaten.

