Añorga Txikiko partaidetza prozesua "simulakro" bat izan dela diote auzotarrek
Donostiako Udalak ‘Añorgako Geltokia’ hirigintza planaren inguruko bilera irekia egin zuen asteartean, Añorgako Amassorrain ikastolako frontoian. 200 auzotarrek baino gehiagok parte hartu zuten, eta aho batez adierazi zuten hirigintza proiektuaren kontra daudela.
Añorga Txikin 250 etxebizitza eraiki nahi dituzte udalak eta promotore pribatu batek. Zortzi eta bederatzi solairuko bost bloke izango lirateke. Proiektuaren xehetasunak aurkezteko udaleko hainbat ordezkari Añorgako Amassorrain ikastolara joan ziren iragan asteartean.
Bilera irekian parte hartu zuten Jon Txabarri Hirigintza zuzendariak, Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eta Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eta Amaia Agirreolea Partaidetzarako zuzendariak.
Hainbat herritarrek adierazi zutenez, hirigintza proiektuak Añorga Txikiko eremu hori «masifikatzea» ekarriko du, eta Añorgak dituen arazoak areagotuko ditu. Hain espazio txikian 750 familia elkarrekin bizitzeko arazo asko aurreikusten dituzte. Aparkalekurik eza eta mugitzeko zailtasunak dira aurreikusitako arazoetako batzuk, eta horregatik eskatu zuten udalbatzak egitasmoaren norabidea aldatzea, auzoko biztanleen beharrei erantzun ahal izateko. «Auzoak mugikortasun, aparkaleku eta azpiegitura arazoak ditu, eta udalak, konpontzera etorri beharrean, arazo horiek larriagotuko dituen proiektu bat babesten du», adierazi zuen auzotar batek.
Arzallusek eta Agirreoleak auzotarrek egindako galdera batzuei erantzun zieten, eta bilera bakar horrekin bukatutzat eman zuten proiektuaren partaidetza prozesua. Hori dela eta, Añorgako bizilagunak parte hartze prozesuaren «simulakro» batera joan izanaren «sentsazio tristearekin» geratu zirela adierazi du Añorga Txikitarrak auzo elkarteak: «Udal ordezkarien erantzunek proiektua itxita dagoela eta auzoaren iradokizunak eta beharrak kontuan hartuko ez direla erakutsi zuten».
Lanean jarraitzeko prest
Auzo elkarteak lanean jarraituko duela gaineratu du, «udalak zentzuz joka dezan eta konponbideak emateko lehendik ditugun arazoei». Beraien ustez, etxebizitza horiek eraikitzen badira, Añorgako arazoak «larriagotu» egingo dira. «Gurea bezalako auzo batek izan beharko lituzkeen gutxieneko zerbitzuak izan ez arren, nahiko bizi kalitate ona dugu eta ezin digute kendu».
2021eko urriaren 29an, Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Añorga Txikin etxebizitzak eraikitzeko plana gelditzea, partaidetza prozesu baten zain, Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozio bateratu bat aurkeztu ondoren. Osoko bilkura horretan erabaki zen hirigintza plana behin betiko onartuko zela partaidetza prozesua bukatu ondoren.
Añorga Txikitarrak auzo elkarteak aurkeztutako alegazioetako bat jasotzen zuen mozioak. Zehazki, alegazioak zioen ez zela bete proiektuan jasota zegoen herritarren partaidetza programa, udalaren konpromisoen aurka. Era berean, ez zen kontuan hartu herritarren partaidetza aurreikusten duen araudia bera. «Auzoari bere beharrak eta eragozpenak galdetzeko aurreko urratsa alde batera utzi zen, bere eguneroko bizitza nabarmen nahasten duen hirigintza garapenari dagokionez», gogoratu du auzo elkarteak.
Hirigintza proiektuaren aurka
Donostiako Udalak 2021eko martxoaren 9an eman zion hasierako onarpena Añorgako Geltokia azpieremuko hiri antolamenduko plan bereziari. Ordutik, Añorgako bizilagunak proiektu horren aurka agertu dira. Atxiki Añorga auzo mugimendua sortu zuten, eta protesta gisara hemezortzi giza kate egin dituzte iazko irailetik hona. Azkena, ekainaren 11n izan zen. Hirigintza proiektuaren berri izan zutenetik, Atxiki Añorga auzo mugimenduak bizilagunen iritzia aintzat hartzeko eskatu dio udalari. Astearteko bilera irekiaren ondoren, ez dute argitu mobilizazioekin jarraituko duten.