Bandera gehiago astintzera doaz Galiziara
Iragan asteburuan Donostia Arraun Lagunakek eta Donostiarrak bandera bana eskuratu ostean, bolada on horri jarraipena eman nahi diote. Coruñako bi jardunaldiko bandera izango dute jokoan bihar eta etzi.
Liga ezin hobeto hasi dute Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra klubek. Euskotren ligako lehen jardunaldian, Donostia Arraun Lagunakek Bilboko erlojuaren kontrakoa irabazi zuen. Donostian jokatu zen Euskolabel ligako bigarren jardunaldian, berriz, Donostiarra izan zen onena. Dagoeneko bandera bana astindu dute, eta ohitura on horri eusteko aukera paregabea dute bihar (18:00) eta etzi (11:40), Galiziako uretan.
Bi jardunaldiko Coruñako (Galizia) bandera jokatuko dute emakumezkoen eta gizonezkoen ligako traineruek. Euskotren ligan Oriorekin berdinduta dago lehen postuan Donostia Arraun Lagunak. Aldiz, hirugarren postuan dago nesken Donostiarra. Euskolabel ligan, ordea, Donostiarra lehen postuan sendo dago. Hiru traineruek lana gogotik egin beharko dute pasa den asteburuko emaitzak berdintzeko eta hobetzeko.
Aldiz, KAE 2 mailan jardunaldi bikoitza izango du Donostiarraren gizonezkoen bigarren taldeak. Portugaleteko bandera izango dute jokoan bihar (17:20) eta etzi (12:20).