Bizikleta tailerrak egingo dituzte Egian, aisialdi inklusibo eta eraldatzailea sustatzeko
SOS Arrazakeria eta Emaus fundazioak sustatuta, Egiazko Auzoa egitasmoaren baitan, bizikleta tailerrak antolatu dituzte datorren uztailaren 12tik 14ra, Tabakaleran. Medialaben egongo dira hiru egunotan 10:30etatik 13:00era Darkum elkarteko gazteak, bizikleta konpondu nahi duen orori laguntzen.
Egiazko Auzoa egitasmoa kontsumo arduratsutik auzo jasangarri, inklusibo eta eraldatzailea sortzeko proposamena da. SOS Arrazakeriak Emaus Gizarte Fundazioarekin batera Egiako auzoan ari dira garatzen.
“Erronka handia dugu, baina horretarako gai hauek jorratzen dituzten hainbat elkarterekin ikaskuntza prozesu bat antolatu dugu, hau da, gai bakoitzean adituak diren elkarteekin elkarrengandik ikasteko gunea”. Saretuz, Hiritarron Harrera Sarea, Darkum elkartea eta Cristina Enea Fundazioa bertan dira ere, baita hainbat boluntario ere.
Proiektu honetan aisialdia izango da ardatz nagusi, bertan parte hartzen duten elkarte guztiek aisialdia erabiltzen baitute “tresna eraldatzaile” moduan: “Maiz aisialdia kontsumo eredu tradizionalarekin lotzen dugu, baina saio hauen bitartez alternatibak sustatzeko estrategiak eta saiakerak aztertuko ditugu”.