Inoiz baino haur gehiagok hartuko dute parte Zipotz jaietako danborradan
Groseko jai batzordeak ia dena prest du uztailaren 14tik 17ra egingo diren festetarako. Lehenengo aldiz, bilera ireki bat antolatu dute auzotarrekin eta eragileekin, eta pozik daude lortutako emaitzarekin.
Kai Kerexeta, Zipotz jai batzordeko kidea. (Argazkia: Sara Ibarguren) Groseko Zipotz jaietako batzordeak hilabeteak daramatza festak antolatzen. Bi urteko etenaldiaren ostean, uztailaren 14tik 17ra ospatuko dituzte jaiak berriro ere, nahiz eta pandemian zehar jarduera txikiak prestatu izan dituzten. Zipotzetako jai batzordeko kidea da Kai Kerexeta, eta berak azaldu digu nola ari diren guztia martxan jartzen.
“Martxoan edo apirilean hasi ginen lehenengo gauzatxoak egiten. Jai batzordean talde desberdinak daude, eta bakoitzak hainbat ardura ditu. Orotara, hamabost pertsona inguru izango gara, gutxi gorabehera. Horrez gain, kontuan izan behar da jai batzordeak jaien zati bat antolatzen duela, baina gure ideia da auzoak bere jaiak antolatzea, eta Groseko hainbat eragilek ere hartu dute parte antolaketan”, azaldu du Kerexetak.
Hori lortzeko, bilera ireki bat antolatu zuten auzoan. “Jai batzordearen helburua auzokideak eta eragileak antolakuntzara batzea da. Saiakera horiek beti egin izan ditugu, baina aurten, lehenengo aldiz, bilera handi bat antolatu dugu horretarako. Egitarau guztiaren errepasoa egin genuen, eta askotariko jendea gonbidatu genuen jaietan parte hartzera”, nabarmendu du.
Ohiko festak bueltan
Pandemian zehar, zerbait prestatu izan dute Zipotz jaietarako, baina moldaketak egin behar izan dituzte. “Adibidez, pandemia baino lehen, bazkari herrikoiak egiten genituen. Aurreko urtean hori ezin izan genuen egin, eta jaiei eusteko modu berriak asmatu behar izan genituen. Pintxo lehiaketa egitea bururatu zitzaigun, eta jendeak pintxorik onena zein zen bozkatu behar zuen. Arrakasta handia izan zuen egitasmo horrek, eta aurten ere mantentzea erabaki dugu”, adierazi du.
Aurten, murrizketarik ez dagoenez, jaiak normaltasun osoz egitea da asmoa. “Programan gauza txikiren bat aldatuko bada ere, pandemia aurreko jaien egitura mantendu nahi izan dugu”, nabarmendu du. Berritasunak ere izango dira egitarauan. Adibidez, uztailaren 14an Auzo defentsatik auzo boterera izeneko mahai ingurua antolatu dute, Gaztañoko, Egiako eta Groseko auzo elkarteetako kideekin. Beste berritasunetako bat karate erakustaldia izango da, Txofre plazan, Karate-do Saito eskolaren eskutik. “Ilusioa egiten digu jende berria etortzeak. Azken finean, jai batzordetik haratago auzoan jendeak festak antolatu eta parte hartu nahi izatea oso pozgarria da guretzat”, nabarmendu du.
Danborradak ere itzuliko dira Zipotz jaietara. Helduen danborradarako izen ematea zabalik dagoela adierazi du Kerexetak: “Entseguak uztailaren 11n, 12an eta 13an izango dira Txofren, eta ordura arte eman daiteke izena. Aurreikusten dugu gutxi gorabehera 50-60 pertsona inguruk hartuko dugula parte, beste urteetan bezala”.
Dirudienez, helduen danborrada antzeko mantenduko bada ere, “sekulako gorakada” izango da haurren danborradan. “150 haur inguruk eman dute izena Zipotz jaietako danborradarako, eta beste urteetan gutxiago izan dira, 100 lagun inguru”, nabarmendu du.
Grosen nabaritzen omen da jendea berriro ere festarako gogoz dagoela. Jai batzordeak positibotzat jo du auzotarren inplikazioa, eta datozen urteetan ere eragile desberdinek antolaketan parte hartzen jarraitzea nahiko lukete.
Egitarau osoa hemen: Groseko jaiak 2022


