Kaiko karmenak bueltan dira hemeretzigarrenez
Donostian asko dira karmenen bueltan ospatzen diren jaiak. Batek baino gehiagok du bihotza erdibitua, zein auzotara jo. Kaikoek, 2004. urtetik bere lekua irabazi dute, bai Parte Zaharrean, eta baita hirian ere. Aurten, belaunaldi berriekin batera, berritasunak izango dituzte arrantzaleen jaiek.

Bi urteren ostean, abiada hartzeko apur bat kostatu dela aitortzen duten arren, primeran antolatu dira jaiak antolatzeko. Nora Garzia Zalduak (Parte Zaharra, 1994) uste du belaunaldi berriak lanerako lotzea zailxeagoa izan dela, bi urteren ostean jendeak parranda egin nahi duelako [barrez]: “Baina taldea egin dugu eta urtarriletik ari gara antolatzen; primeran joan da”.
Lorena Beramendi Fidalgo da (Parte Zaharra, 2003) aurten jai batzordean sartu den kide berrietako bat. Eta aitortzen duenez, emozioz beteta bizitzen ari da bidea: “Gure jaiak dira, txikitatik bizi izan ditugunak, eta orain barrutik bizitzea erabaki dugu”.
Belaunaldi berriak batzeak, besteak beste, jai batzordearen barruan lantalde feminista sortzea ekarri du: “Lehen aldia izango da lantalde feminista dagoena, eta ez dugu puntu morerik jarriko, baina bai telefono bat erasoak kudeatzeko”. Telefono zenbakia urtero egon den arren, lehen urtea izango da lantalde feminista sortu eta honela kudeatzen dela. Ostegunean erasoen kontrako argazkia egingo dute, eta larunbat gauean ekitaldia.
Beramendiri egokitu zaio ere, besteak beste, auzoko komertzioetatik pasatzea, jaietarako dirua eskatzeko. Eta harrituta daude: “inoiz baino babes handiagoa” lortu dute eta. Argi dute bi kideek, “jendeak izugarrizko gogoa du, eta babestu nahi dute. Asko animatu gaituzte” dio Beramendik.
Ostiralean gazte eguna
Ostiralean jai batzordeak eta Alda Zaharreko Gazte Asanbladak elkarrekin antolatutako gazte eguna izango da. Azken urteetan gazte egunak “beherakada” izan duela uste dute, baina gazte asanblada sortu zenetik “izugarrizko bultzada” izan dela aitortzen dute jai batzordeko kideek: “Lan handia egin dute, eta gazte mordoa dabil jaiak antolatzen”. Gazte estropadak izango dira egitarauko jarduerarik garrantzitsuena. “Bere garaian, Añorgarekin lehian egiten zen, baina, aurten, auzoko gazteen artean egingo da. Donostiarrak utzitako batelekin”.
Eguneko Zentrora bisita egingo dute aurten ere: “Jaietan ezin dute gainontzekoek bezala disfrutatu eta asko eskertzen dute”, kontatzen du Garziak.
Musika egitarau zabala
Musika lan taldean ere, gazte mordo bat sartu dela kontatzen du Garziak, jendea oso motibatua dagoela. Denetarik izango da jaietan: erromeria, rock musika, popa eta DJ saioak, besteak beste.
Ostegunean, uztailaren 14an, La Jodederak, Herenegunek eta Skabideanek hasiko dituzte jaiak. Hurrengo egunean, Sindrome Nortek, Dinamitak eta Porrus eta Natural Killer DJ-ek joko dute, asteburuari hasiera emateko. Larunbatean, Mugan donostiarrek, McOnak taldeak eta Iratzar erromeria taldeak joko dute, eta, azkenik, Andoni Ollokiegik, Laiotzek eta Fresa Morango DJ-ak itxiko dute asteburua.
Joaldunak bueltan
Joaldunak 2014an atera ziren lehen aldiz, jaiak berreskuratu zirenean, baina urte luzez atera gabe egon dira. Aurten, ordea, hainbat gazte animatu dira, eta taldetxoa osatu da. “Materiala erosi zen eta talde batek ikasi zuen. Urteak joan urteak etorri, arrazoi ezberdinak medio, eta erreleborik ez zegoenez, uztea erabaki zuten”. Materiala Lezon gorde zuten, eta han egon da azken urteotan.
Urte hasieran, jai batzordea biltzen hasi zenean, eta ikusita “talde majoa” zegoela, berreskuratzeko ideia etorri zen berriro. Garziak aitortzen du pare bat pertsonak beti izan dutela buruan berreskuratzea, baina ez zela egoera ematen: “Aurten, beraz, lehendik ateratzen zirenekin harremanetan jarri eta erakusteko eskatu genien”.
Ekainean Pasealeku Berrian entsegua egin zuten hamalau bat gaztek, eta “funtzionatu zezakeela ikusita” sanjoanetan atera ziren. “Bikain” atera zen, eta gogoz daude jaietan ateratzeko.
Kukaña eta tasak
Kukañak ematen dio hasiera jaiei, eta jarraian botako da suziria. “Kukañaren momentuaren zain egoten gara guztiok”. Ordea, arazoen iturri ere bada, liskarra izaten jarraitzen baitute Eusko Jaurlaritzarekin: “Kukaña oraindik ez dakigu ziur non egin ahal izango dugun. Nautikoan egiteko proposamena egin du Jaurlaritzak, zona hori Donostiako Udalarena delako. Baina guk kaian egin nahi dugu, beti bezala”. Garziak dioenez, urtero saiatzen dira kentzen edo “mareatzen”, baina, azkenean, “beti lortzen” dute.
Jaurlaritzak jartzen dizkion tasak “itogarriak” direla salatzen du Garziak. “Metro karratua ordaindu behar dugu gauero, eta dirutza da hori”.
Jaien gunean ere egin behar izan dituzte moldaketak. Kofradian txosna jartzen zen lehen, “kofradiako arrantzaleekin harremana genuelako”. Aurten, ordea, arrantzalerik ez dagoenez, txosnako barra hori kendu eta formatua aldatu behar izan dute. Hala ere, pozik daude, moldatzeko aukera izango dutelako.
Izan ere, 19. urtea da jaiak berreskuratu zirenetik, eta, jada, datorren urtean egingo duten urteurrenean pentsatzen jari dira kideak: “20. urteurren biribila antolatuko dugu, hori ziur!”.
Egitarau osoa hemen: Kaiko jaiak 2022