Okendo Aldeko plan berezia gelditzeko 500 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte
Herritar ugarik udal gobernuari idatziz eskatu diote Basque Culinary Center erakunde pribatuari egindako lagapena bertan behera uzteko. Groseko lursail horretan eraiki nahi dute bigarren egoitza.
Uliako Auzo Elkarteak jakinarazi duenez, 500 herritarrek baino gehiagok alegazioak aurkeztu dituzte Groseko U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Plan Bereziaren tramitazioa gelditzeko. Udal gobernuak maiatza bukaeran eman zion hasierako onarpena plan berezi horri. Auzo elkarteak, berriz, tramitazioa eteteko eskatu zuen ekaina bukaeran, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikusketaz arduratzen den talde teknikoak diagnostikoa egin bitartean.
Udal gobernuak 2010eko HAPOa aldatuko du lursail horretan Basque Culinary Center erakundearen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza kokatzeko. Lursail horretarako soilik gazteentzako eta helduentzako etxebizitzak egitea aurreikusten du Plan Orokorrak.
Argudioak
Auzo elkarteak zenbait argudio plazaratu ditu Manteon erabilera pribatuko eraikin bat eraikitzeko lurzoru publikoaren lagapena geldiaraztea eskatzeko: “Lurzoruaren ondare publikoa lagapen bidez eman eta 9.200 metro karratu –60 milioi euroko eraikigarritasuna– erabilera pribatura bideratuko direlako; erakunde pribatu baten eraikina eraikitzeko finantzaketa publikoa erabiliko delako –30 milioi euro–; Gros auzoan geratzen den berdegune bakarra kenduko dutelako –13.000 metro karratuko lursaila–; inguruko zuhaitz guztiak suntsituko dituztelako; Nafarroa hiribideko bizilagunen ikuspegiak eta bizi kalitatea murriztuko dituelako; eta herritarren partaidetzaren edozein zantzu ezabatu dituztelako”.
Horrekin batera, hainbat galdera plazaratu ditu auzo elkarteak: “Zergatik ez da pentsatu Basque Culinary Center-en negozio zentro berria Mariaren Bihotza ikastola zaharrean kokatzea? Edo Miramonen, non hirigintza aldetik dagokion? Zergatik ez da itxaron Plan Orokorraren berrikuspen lanak egiten ari den taldearen diagnostikoa egin arte?”.