Añorgako kuadrillek badakite paella ona egiten

Ordu gutxi falta dira Zementonek Añorgako jaiei hasiera emateko. Hasiera, “ofizialki”. Izan ere, goiz-goizetik ibili dira Añorgako kuadrillak oilasko bilketan, lehenik, eta paella bazkarian, jarraian.
Azken bi urteotan ezin izan denez antolatu, gogo biziz hartu dute Añorgako bizilagunek kuadrillen eguna, eta 300dik gora lagun batu dira Añorgako frontoian bazkaltzera. Kuadrilla bakoitzak bere paella egin du, eta bertatik jan: oilasko, txirla, txorixoa, txipiroia, onddoak… bakoitzak bere sekretua zuen. Goxoa atera zaiela uste dutenek gainontzekoei probatzeko gonbita luzatu diete: “Ikusi zein ona dagoen gurea, aurten guk irabaziko dugu”.
Txapelketa omen delako. “Omen”, zeren irabaziko zuela uste zuena ere ez da ohartu saria beste bati eman diotela. Oraindik jarraitzen zuen esaten aurten beraiek irabaziko zutela. beste kuadrilla batek onartu digu haien paella goxo-goxoa zegoela –hala baieztatu ahal izan du IRUTXULOKO HITZA-k–, baina ezingo dutela irabazi… Jolas Etxean erosi dutelako!
Tira, txapelketa ez delako garrantzitsuena. Axola duena da, bi urteren ostean, itzuli direla Añorgako kuadrillak plazara, eta festara.


























