Añorgako oilasko biltzaileek sagardoa nahiago

Goizeko 8:00etan, lanera joaten direna baino goizago mugitu dira Añorgako neska mutilak gaur goizean. Egun luzea dute aurretik, eta aprobetxatu behar. Sanferminetako entzierroa ikusi, eta abiatu dira Añorgako baserrietan zehar, eguerdira arte iraun duen oilasko bilketan.
Egiari zor, ordea, oilaskorik ez dute biltzen dagoeneko, eta, baserrietan arin-arin eta fandango batzuk dantzatu, eta, trukean, txistorra, tortilla, bizkotxo eta, denetarik jasotzen dute. Jaso baino, zuzenean jan. Eta edan, noski: sagardorik ez da faltako etxeotan.
2012an ekin zioten berriz ere Añorgako neska mutilek baserriz baserri oilasko biltzeari. Puska-biltzeko ohiturak etena izan zuen, parranda amaitzeke gaupasa egunean irteteko ordutegiarekin, gero eta lagun gutxiago ateratzen zirelako. Datari buelta eman, eta kuadrillen egunean, indarrez beteta ekiten diote ibilbideari goizeko 8:00etan.
Aurten, gainera, Añorgako Kirol eta Kultur Elkarteak 100 urte beteko dituela eta, ospakizunei garrantzia handiagoa ematen ari dira. Esan dutenez, aurtengo oilasko bilketa “inoizko handiena” izatea, ez da bada, kasualitatea.
Baserriei omenaldi berezia egin diete auzokideek. Santa Ageda egunean, oroigarria eman zieten, “beti hain ondo” zaindu dituzten baserriei: Etxeluze, Eguzkialde, Lindaberri, Txarrabategi, Manttalin, Bertan goxo, Bidarte, Loiza eta Txalaka. Lukainkategikoak, kanpoan zirela eta, gaur jaso dute Añorgako KKEren oparia.
Oparia, opariaren truk, noski. Lukainkategikoek tortilla ederrak eman dizkiete eta oilasko biltzaileei. “Jaietako ekimen politena da hau” aitortu du gazteetako batek. Mugitzeko deia egin dio besteak: “Mugitu egin behar gara, hamaiketakoa egitera iritsi behar gara eta elkartera”. Eta gero, bazkaria. Lodi janda eta lodi edanda emango diote hasiera Añorgako jaiei. Eta beti bezala, giro paregabean.




















