Polloe hilerrian bisitatzeko leku interesgarriak biltzen dituen gida sortu dute
Polloe hilerria. Polloe hilerriko mausoleo eta monumentu nagusien gida sortu dute, bisitariak hilerriko ondare kulturalera eta artistikora hurbiltzeko. Era berean, Polloe Donostian bisitatu beharreko lekuen artean egotea ere bada helburua, eta horretarako sortu dute gida hau, bertako ondarea aintzat hartzekoa dela uste dutelako Maria Ordoñez eta Ana Fontan egileek.
Orotara, 47 gune jasotzen ditu gidak; tartean, Luzuriaga kapera, Zubietako batzordeari monumentua, Bilintx, Mandasko dukea, Aingeruaren irudia, Gurutze Gorriaren monumentua eta Urnieta kaleko sutearen panteoia (1893). Gidan agertzen diren puntu horiek Polloeko aberastasun kulturalaren “zati txiki bat” besterik ez dira. Jakinarazi dutenez, ikerketak aurrera jarraitzen du, eta etorkizunean Polloe hilerriko leku gehiago gehituko dizkiote gidari.

