Altzako kanpoko igerilekua irekitzeko unea iritsi da
Bihar, hilak 13, irekiko dituzte Altzako kiroldegiko solariuma, kanpoko igerilekua eta ur jokoak. Martin Ibabe kiroletako zinegotziak adierazi du auzotarrek “asko desio duten” instalazioa dela: “Bihartik aurrera, auzoaren erdigunean dagoen aisialdi gune berri honekin gozatzeko aukera izango dute”.
Eremuak 3000 metro karratu ditu, eta hirian dauden ezaugarri berdinetako instalazioekin alderatuta, handiena da. Bertan, belar tepeak jarri dira eta hamakak jarriko dira. Era beran, belarrean toallak jarri ahal izango dira. Gainera, 80 zuhaitz landatu dituzte itzalguneak sortzeko.
Haurrentzako ur jokoak igerilekuaren ondoan kokatu dituzte. Bi eremu horiek 900 metro karratuko zabalera dute. Igerilekua bi gune zirkularretan banatuta dago, eta biak diametro desberdinekoak dira. Diametro txikiena duen tarteak sakonera txikiagoa du, eta gainera, eskailera eta arrapala ditu haur zein pertsona helduen sarrera egokitzeko eta erosoagoa izateko. Igerilekuaren edukiera 104 pertsonakoa da. Era berean, kanpoko instalazioan eraikin bat dago, eta, han zortzi dutxa eta zortzi komun daude.
Kanpoko igerilekura iristeko kiroldegiaren sarrera nagusitik sartu behar da. Irekiera ordutegia hiriko gainerako mota honetako instalazioen berdina izango da: 10:00etatik 20:00etara.