Arriolako ostatua egiten ari den "legez kanpoko" lanak salatu dituzte bizilagunek
Hainbat bizilagunek IRUTXULOKO HITZA-ri kontatu diotenez, “legez kanpoko” hainbat lan egiten ari da Liderko Hostel enpresa, Antiguako Arriola kaleko ostatua egiteko lanak direla eta. Zehazki, pasabide komun batean jarritako ateak ekarri du azken gatazka. Hedabide honi helarazitako bideoan ikus daiteke nola botatzen duten atea behera hainbat langilek.
Honela kontatu du bizilagunak: “Hirugarren aldia da ate hori eraikitzen dugula. Hostelekoek bertan larrialdietako irteera ate bat jarri nahi dute, baina pasabide hau ez da hostelarena, bizilagunena baizik. Beraz, guk, gure atea jarri dugu bertan, udalak emandako lizentziarekin”.
Bada, hirugarrenez bota dute atea eraikuntza enpresakoek, bideoan ongi ikus daitekeenez: “Oso modu harroan etorri izan dira eta kalez jantzitako langileekin, ezagutu ez genitzan”. Hau da lehen aldia bideoa grabatzen dutena. “Guk argi dugu ezin dela 240 laguneko hostal baten larrialdi irteera gure portalera bideratu. Hainbeste jendek gure portalera sarbidea edukitzeak arazo mordoa ekarriko luke”
Bizilagunak “kokoteraino” daude, eta hilabeteak dira enpresarekin gatazkan ari direla: “Hamar salaketa baino gehiago jarri ditugu dagoeneko”. Udalaren aldetik jasotako erantzunarekin kezkatuta daudela diote ere: “Hasieran erabat paso egin zuten gutaz. Gerora esan dute jarraipena egingo dutela, baina guk ez dugu ikusten”.
Izan ere, uztailaren 1ean zen irekitzekoa ostatua, baina mota honetako arazoen ondorioz ari da atzeratzen. Atearen gatazkak gain, larrialdietako eskailerek ez dute legezko baldintzarik betetzen bizilagunen arabera.