Groseko Zipotz Jaiak

"Karate-doa kalera atera nahi dugu, jendeak ikus dezan egiten duguna"

Karate-do Saito eskola zuzentzen dute Pablo Duran (Ulia, 1976) eta Xabier Rios (Amara, 1983) irakasleek. Lokala euren maisu Shuichi Saitok zabaldu zuen orain ia 40 urte. Aurten kalera irtengo dira ikasleekin egiten dutena auzoari erakusteko. 

KarateDoSaito Karate-do Saito eskola zuzentzen dute Pablo Duran (Ulia, 1976) eta Xabier Rios (Amara, 1983) irakasleek.

Erakustaldia egingo duzue lehen aldiz Zipotz Jaietan.

Pablo Duran (P.D.): Ideia da klase bat egitea kalean, ikasleekin eta inguruko jendearekin. Uste dugu polita izango dela, Karate-doa ezagutuko duelako jendeak, ez baita oso ezaguna: ezagutzen den apurra filmeengatik da, eta beti oso desitxuraturik. Oso ondo geratuko da.

Xabier Rios (X.R.): Bai, aukera eman nahi diegu ikasleei irakasten duguna erakusteko. Era berean, jendeak ere ikustea zer egiten dugun karate-eskolan, askok zehatz-mehatz ez dakitelako. Kalera atera nahi dugu Karate-doa.  

Zenbat lagun bilduko zarete?

P.D.: 4 urte eta ia 70 urte bitarteko pertsonak batuko gara, 30 eta 50 lagun inguru. Txofre Plazan izango da, hilaren 16an, 16:00etan, hain justu. Nik beti egin nahi izan dut erakustaldia auzoan, txikia nintzenean gure irakasle Shuichi Saitok eraman baininduen Katalunia plazara eta Sagueseko jaietara. Oroitzapen hori dut eta gure atzetik datozenek aukera bera izatea nahi nuen. Izan ere, izugarri polita da haurra zarela karate-trajearekin kalera irtetea, lagun eta senitartekoen aurrean erakustaldia egiteko. Zeren gure karatearen ideiaren arabera, helburua ez baita lehiatzea. Hortaz, zu entrenatu ohi zara, baina inork ez zaitu ikusten. Horregatik, inportantea da batez ere haurrentzat zer egiten ari diren gurasoek ikustea.

Izan ere, zuek urte asko daramatzazue Grosen, ezta?

P.D.: Ni txikitan hasi nintzen, Casa Duran tabernako semea naizelako. Gerriko beltza lortu nuen, eta urte luzez gure irakasle Shuichirekin entrenatu ondoren, erretiroa hartzeko unea heldu zitzaion. Hala, orain hamar urte, Xabier eta biok batu gintuen estilo honekin jarrai genezan Donostian. Hortaz, oso urrats naturala izan da. Izan ere, begira, hemen dugu lokaletik irteten [Saito eskolako atarian da, kirol-poltsa eskuan duela. Beraz, elkarrizketa eten eta probestu dugu hiruokin argazkia ateratzeko]. Egunero etortzen da entrenatzera.

X.R.: Ni kasualitatez hasi nintzen, nire irakasle Antxon Gisasolak ekarri baininduen probatzeko 15 urte nituela. Gustatu eta hemen jarraitzen dut. Ni ez naiz Grosen bizi, baina jarduna hemen egin dut beti: klaseak ematen hasi nintzen, eta ondoren Shuichik eskolarekin jarraitzea proposatu zigun. Bera 1975ean etorri zen Donostiara, eta karate-do eskola 1983an zabaldu zuen.

Zer dira zuentzat Zipotz Jaiak? Bertan parte hartzeak ilusioa piztu al dizue?

P.D.: Niretzat poz handia da, txikitatik bizi izan ditudalako, seme-alabekin ere ordu asko pasa ditut eta orain jaietan ateratzea oso ederra da. Txikitako oroitzapen polita delako. Hunkigarria izango da karate-doa kalera ateratzea.

X.R.: Niretzat nobedadea izango da, ez baititut jaiak bizi izan karate-doaren ikuspegitik. Auzoaren parte izanik, gauza polita izango da.

Nola ikusten duzue Gros pandemiaren ondoren?

P.D.: Nik auzoa bi partetan bananduko nuke: Peña y Goñi kaletik Nafarroa hiribiderainokoa; eta gero barruko aldea. Pena pixka bat ematen dit barruko aldeak neguan, arratsaldez: kalean inor ez eta askotan Frantzia etortzen zitzaidan burura. Alegia, goizetan giroa ikusten zen, baina arratsaldez, ordea, hutsik. Baina eguraldi onarekin eta udarekin itzultzen ari da.

X.R.: Pandemiaren oroitzapen hurbilak hori dakarkigu gogora, baina udan biziberritzen ari da auzoa. Oraindik auzo-giroa badago eta zoragarria da. Batzuetan ‘Little Italy’ dirudi, denok elkar ezagutzen baitugu. Grosek ‘inbutua’ egiten digula esaten dugu guk, Zentrora edo Parte Zaharrera joanda ere, azkenean auzoko Karkizano kalean bukatzen baitugu. Gustura gauden lekua da-eta.

Nola ikusten duzue Gros hemendik urte batzuetara?

X.R.: Auzo-esentzia mantentzea gustatuko lizaidake. Argi dago turismora zabaldu behar garela, auzoak ulertzeko modu berrietara, baina gustatuko litzaidake mantentzea auzoaren esentzia: kaleko bizitza, dena frankiziak ez izatea, jendeak etxe azpian kontsumitzea… Ez dadila auzoko bizitza galdu.

P.D.: Finean, ez dadila izan auzo polita soilik udan.

Eta zer esan nahi diezue etorkizuneko auzotarrei?

P.D.: Gauzen alde borrokatu behar dugula, ez dizutela ezer doan emango. Eta hori oso loturik da guk karaten erakusten dugunarekin: bizitzak kolpe asko emango dizkizu, baina beti aurrera jo behar duzu. Eta gehiago borrokatu behar dugu. Gaztea nintzenean gazte-mugimendu handia zegoen. Gaur egun ez dago ezer, denon bizitza aldatzen ari da eta inork ez du ezer egiten. Penagarria da.

Espuela: Zer galdera egingo zenioke zure buruari elkarrizketa honetan?

P.D.: Zergatik uste duzue jarraitu behar duzuela? [galdera Pabloren alaba Anek luzatu die]. Egia esan, biok beste gauza batzuetan egin dugu lan, baina karate irakaslea soilik naizenetik zoriontsuagoa naiz, egiten ari naizen honetan sinesten dudalako. Egiten duguna balekoa dela uste dut, batez ere gazteei balore batzuk irakasteko: pertseberantzia, disziplina, errespetua, une latzetan aurrera egin beharra… Ni zoriontsuagoa naiz eta uste dut hori helaraz daitekeela.

X.R.: ‘Do’-rekin amaitzen diren arte martzial guztietan dago hori. Izan ere, ‘do’ filosofia-bide bat da. Hobekuntza fisiko eta teknikoaz gain, irakaskuntza filosofiko eta mentala da. Horrez gain, lehiatzeko prestatzen ez garenez, jendeari irakasten diogu ez dadila beti aritu dominaren edo kanpoko goraipamenen bila. Gogorra da, baina zuretzat egiten duzu.

Espuelaren espuela: Gure inguruko zeini zer galdera egingo zenioke?

P.D.: Alkateari galdetuko nioke zergatik ez dagoen kontzertu gehiagorik Donostian. Denak kanpora eraman dituzte! Soilik jaietan eta gazteek auzoetan antolatzen dituztenak ditugu orain. Jazzaldia eta Zipotz Jaiak kenduta, auzoa hilik dago kultur ikuspegitik.

Gros, bi hitzetan

Lekua:
Xabier Rios: Zurriola.
Pablo Duran: Secundino Esnaola.

Pertsona:
X.R.: Shuichi Saito
P.D.: Peio Kixkurra.

-Lokala:
XR: Gaztelu Txiki.
PD: Casa Duran.

Giroa:
X.R.: Estropadak.
P.D.: San Sebastian eguna

Ametsa:
Biak: Hemendik 40 urtera ‘Saito’ eskola lanean jarraitzea.

 

HITZAkide HITZAkide