Sarriegi zolatzeko proiektuaren lehen fasea onartu dute
Donostiako Udalak onartu du Parte Zaharreko Sarriegi plaza zolatzeko proiektuaren lehen faseko kontratazio espedientea. Girder Ingenieros enpresak idatzi du, aurrekontua 131.610 eurokoa da eta lanak egiteko hilabeteko epea ezarri dute.
Danbor jotzailearen, urketariaren eta Raimundo Sarriegiren eskulturak dituen erdiko parterrea kenduko dute, beste espazio batera eramateko, eta plazaren erdiko farolaren azpiko idulkia ere kenduko dute. Ondorioz, zona osoa birzolatuko dute, beharrezko birkokapenak eginda. Udalak bere garaian aurreratu moduan, bi elementu horiek eremua oztopatzen dute, eta Sarriegi plazaren eta San Juan kalearen arteko komunikazioa mugatzen dute.
Urketariaren eskultura
Maiatzaren erdian jarri zuten urketariaren eskultura Sarriegi plazako behin-behineko kokalekuan. Danbor jotzailearen parean dago, eta Raimundo Sarriegiren bustoaren atzean. Union Artesana elkartearen ekimenez jarri zuten. 2020an 150. urteurrena ospatu zuen elkarteak, eta orduan iragarri zuen urteurreneko egitasmoetako bat urketariarena zela. Udalak 35.300 euro bideratu zituen eskultura egiteko.