1.361 pertsonak eta eragilek parte hartu dute Plan Orokorraren diagnostikoa osatzeko
Udalak jakinarazi duenez, interes gehien sortu duten gaien artean daude mugikortasuna eta eraikitako hiri ondarea, eta turismoaren egungo inpaktua modu negatiboan baloratu du gehiengoak.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren diagnostikoaren lehen faseko partaidetza txostena argitaratu du udalak. Lehen faseko partaidetza prozesuan, 1.361 pertsonen eta eragileen ekarpenak jaso dituzte. Interes gehien sortu duten gaien artean daude mugikortasuna eta eraikitako hiri ondarea, eta turismoaren egungo inpaktua modu negatiboan baloratu du gehiengoak.
Partaidetza txostenaren xehetasunak emateko agerraldia egin dute udaletxean Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eta Mariaje Idoeta Partaidetza zinegotziak. Martxoan abiatu zuten prozesuaren bidez, informazio saio bat, kontsulta publiko bat, hainbat mahai sektorial eta auzoetako bi mahai egin dituzte. Era berean, hilabeteko epean digitalki herritarrek egindako ekarpenak bildu dituzte.
Abian jarritako dinamikek harrera ona izan dutela esan du Idoetak: “Ez da gai erraza, baina garrantzia handia dauka gure hiriaren etorkizuna definitzeko eta diseinatzeko”. Arzallusek, berriz, egindako ekarpenek “balio handia” dutela nabarmendu du: “Herritarren ikuspegia biltzen dute, eta horrek HAPO berriaren lanketa aberasten du. Herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartuko dira Plan Orokorraren Aurrerapenaren dokumentua egiterakoan”.
Partaidetzaren prozedura
Herritarren ulermena errazteko helburuarekin, HAPOren edukiak hamaika gaitan egituratu dituzte: lurralde eta hiri estrategia, inklusibitatea eta osasuna, jasangarritasuna eta klima aldaketa, ondarea eta euskara, turismoa, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza eta hiri berroneratzea, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak.
Partaidetza prozesua donostiar guztiei zuzendurikoa izan da. Ondorengo eragile taldeen ekarpenak jaso ditu udalak: Donostian bizi direnak, hiriko elkarteak, Donostian lan edo ikasketak egiten dituztenak, eta Donostia bisitatzen dutenak. Parte hartzaileen generoari dagokionez, %50 gizonezkoak dira eta %49 emakumezkoak. Gainerako %1a beste genero identitate batzuetako pertsonei dagokie. Adinaren arabera, parte hartzaileen erdia 45 eta 65 urte bitartekoa da, eta hirutik bat 31 eta 45 urte bitartekoa.
Turismoaren eragin negatiboa
Diagnostikoaren emaitzei dagokienez, turismoaren egungo inpaktua modu negatiboan baloratu dute herritarrek, eta eragin hori etxebizitzan, mugikortasunean eta espazio publikoan gertatzen da. Era berean, inpaktua positiboa da merkataritzan eta ostalaritzan. Parte Zaharra, Erdialdea eta Gros dira turismoak herritarrekin gatazka gehien sortzen dituen gune nagusiak.
Bestalde, mugikortasuna da interes gehien sortu duen gaietako bat. Donostiatik beste udalerri batzuetara mugitzeko autoa da garraiobiderik ohikoena (%50). Ondoren, garraio publikoa dago: %23 autobusez mugitzen da eta %14 topoz. Bestalde, udalerri barruan mugitzeko, auzoen artean, biderik ohikoena oinez egitea da (%45), ondoren autobusa (%19), eta bizikleta edo patineteak (%17).
Etorkizuneko beharrei dagokionez, Plan Orokorrak oinezkoen eta bizikletentzako eskola ibilbide seguruak bermatzea eta oinezkoen mugikortasuna gainerako mugikortasun moduen aurretik lehenestea dira baloraziorik eta adostasunik handiena dutenak.
Parte hartzaile gehienek beharrezkotzat jotzen dute eraikinen eta eraikin multzoen babesa handitzea. Galdetegi digitalean, %53k modu negatiboan baloratzen du ondarearen egungo babesa. Era berean, %51k uste du industria ondarea badagoela eta babestu egin behar dela.
Espazio publikoaren gaiak adostasun handia izan zuen hiriko parke handiak edo berdeguneak (%88) eta auzoetako hurbiltasuneko espazio libreak (%81) handitzeko gai orokorretan. Halaber, hamar parte hartzailetik lauk uste dute berdea ez dela nahikoa auzoetan (%42), eta hamarretik hiruk nahikoa dela (%31).
Hiri osasungarria
Diagnostikotik ondorioztatzen denez, inklusibitateari eta osasunari dagokienez, parte hartzaileen % 64k uste du Donostia udalerri osasungarria dela paseatzeko eta naturaz gozatzeko berdeguneei dagokienez. Halaber, parte hartzaileen erdiak uste du hiri osasungarria dela mugikortasun aktiboa errazten duelako eta kirola egiteko ekipamenduak edo espazioak eskaintzen dituelako.
Kutsadura moten artean, akustika da, oro har, ondoez handiena sortzen duena. Zeharka, Ekialdeko Barrutiko mahaian amiantoz kutsatutako lurzoruekiko kezka azaldu zuten. Era berean, espazio publikoari buruzko mahai sektorialean berdegune gehiagoren eta ingurumen-kutsadura gutxiagoren beharra aztertu zen.
Jasangarritasuna eta klima aldaketa
Iraunkortasuna eta klima aldaketa dira adostasun handiena sortu duen gaietako bat da. Hala, klima aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko neurrien artean, HAPOk honako hauek barne hartu behar dituela nabarmendu dute: energia-eraginkortasuna (%88); mugikortasun iraunkorra (%86), eta azpiegitura berdearen bidez auzoen kalteberatasuna murrizteko neurriak (%85). Emaitzak lortzeko ekintzen artean, garraio publikoa hobetzea, eraikin berrietan energia berriztagarriak bultzatzea edo zuhaiztia nabarmentzen dira. Era berean, %63k uste du beharrezkoa dela hiri baratzeak handitzea HAPOn sartu beharreko neurria izatea.
Pertsonen %92k uste du Donostiak zaindu beharreko espazio interesgarriak dituela. Era berean, % 75ak eremu degradatu batzuek premiazko hobekuntza-jarduerak beharko lituzketela nabarmendu du. Neurri txikiagoan, adostasun handia duen beste gai bat landaredi inbaditzaileko eremuak ezabatzeko beharra da (%69).
Etxebizitzen premia
Etxebizitzaren gaiak bi gai orokor jorratzen ditu: alde batetik, Donostiako biztanleen egungo etxebizitza premia, eta, bestetik, nola garatu beharko litzatekeen. Etxebizitza premiari dagokionez, egungo etxebizitzen hobekuntza ahalbidetzea nabarmentzen da (%72), etxebizitza berrien eraikuntzaren aurrean (%28).
Etxebizitza baldintzak betetzen dituzten lokalei dagokionez, %77k esan du horiek eraldatzeko baimena eman beharko litzatekeela. Era berean, %59k uste du gizarte babesekoak izan beharko liratekeela, eta %18k etxebizitza libreak izan beharko luketela. Parte hartzaileen % 49k uste du etxebizitza berriak behar direla, eta % 28k, berriz, ezetz.
Jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak
Jarduera ekonomikoa da parte hartu zutenen artean interes gutxien piztu zuen gaia. Adostasun argiena izan zituzten gaiak ikerketa eta teknologia bultzatzeko beharra izan ziren (parte-hartzaileen erdia baino gehiagok), baita ekintzailetzarako espazio berrien beharra ere, non %71k ados dagoela adierazi duen.
Ekipamenduen kasuan, Donostiak mota bakoitzeko ekipamendu nahikoa duen ala ez galdetu zieten herritarrei. Modu globalean eta iritzi desberdinekin, hobekien baloratutako auzo ekipamenduak hezkuntzakoak dira, ondoren osasun ekipamenduak eta, neurri txikiagoan, gizarte eta kultura ekipamenduak eta kirol ekipamenduak. Balorazio txarrena jaso dutenak asistentzialak dira.
Epeak
Udalaren aurreikuspenaren arabera, udazkenerako Plan Orokorraren diagnostikoa prest izatea espero dute, eta ondoren udal talde guztiekin landuko dute bakoitzak bere posizionamendua azal dezan. Gainera, bigarren faseko partaidetza prozesua abiatuko dute herritarrekin eta eragileekin.
Horiek horrela, Plan Orokorraren Aurrerapena 2023ko martxorako eginda eta onartuta egotea espero du udalak. Dokumentu honek irizpide eta zehaztapen orokorrak jasoko ditu, eta HAPO berria idatziko dute aipaturiko dokumentuan oinarrituta. Aldiz, 2010. urtean onartu zen azken Plan Orokorraren ordezkoa behin betiko onartzeko lau edo bost urte beharko direla adierazi du Arzallusek.