Koldo Izagirreren zinematografia lana eta Antxon Ezeizaren biofilmografia aztergai ZINEren hirugarren alean
Euskal Herriko testuinguru politiko-kulturalean trantsizioak eragindako desengainuaren kontzeptua aztertzen du argitalpenak, Izagirreren zinemaren eta garaiko beste literatura ekoizpen batzuen bidez.
Koldo Izagirre garai gatazkatsu hori sinbolizatzen duten bi lanen atzean dago; alde batetik, Ke arteko egunak (Días de humo, 1989), Antxon Eceizak zuzendua Eceizaren eta Izagirreren gidoi batean oinarrituta; eta, bestetik, Off-eko maitasuna (Amor en off, 1992), Izagirrek berak zuzendua. Beñat Sarasola Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak bi lan horiek aztertu ditu ZINE aldizkariaren hirugarren aleko artikulu nagusian, Desengainuaren bestelako gramatika: Koldo Izagirreren azken zinematografia lana (1989-1992) izenekoan. Testuan, Koldo Izagirreren ez-animaziozko zinea aztertu du, eta garaiko beste literatur ekoizpen batzuekin alderatu, zenbait lotura estetiko eta politiko ezarriz.
Bestalde, Antxon Eceizaren bilakaera ideologiko eta zinematografiko konplexua berrikusten duen dosier bat dago aldizkarian, donostiar zinemagilearen artxibo pertsonaleko zenbait material argitaragabetan oinarritzen dena. Material horiek (gidoiak, argazkiak, eskutitzak, ohar blokak, audio zinta magnetikoak eta filmak, besteak beste) Euskadiko Filmategian daude 2021etik. Atalaren izenburua da Ez al duzu ikusten? Zalantzaz betetako bidaia bat Antxon Eceizaren artxibo pertsonalean barrena, eta Donostia Zinemaldiko zuzendariorde eta Antonio eta Antxon Eceizaren artean. Zinea eta politika tesiaren egile den Maialen Belokik eta Zinemaldiko Z365eko Irati Crespok koordinatu dute.
Zineren hirugarren alearen jendaurreko aurkezpena urrian egingo da, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan; Beñat Sarasolak eta Maialen Belokik parte hartuko dute aurkezpen horretan, eta Ke arteko egunak proiektatuko da.
Call for papers
ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak ikertzaileen ekarpenei zabalik dagoen proiektua da. ZINErako proposamenen aurrehautaketa Batzorde Editorialak egiten du, eta kidekoen kanpo berrikuspena ere egin dakieke. Proposamenak helbide honetara helaraz daitezke: zine@zine-eskola.eus. Proposamen bakoitzean, 250-500 hitzeko laburpen bat eta egilearen CV osoa jarri behar dira. EKZEren webgunean daude egileentzako jarraibideak.
ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elias Kerejeta Zine Eskolak (EKZE), Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak online argitaratutako argitalpen akademikoa da. ZINEren helburua da ikerketa originalak argitaratzea, eta ikasketa zinematografikoen arloan espezializatutako ezagutzari ekarpena egitea, diziplinarteko ikuspegi batetik.

