Añorgaren esentzia, horma-irudi batean
Añorga Kirol eta Kultur Elkarteak 100 urte bete ditu, eta mendeurrenaren bueltan hainbat jarduera egiten ari dira. Azkena, horma-irudi bat izan da. Aspaldikoa zen auzoan arte urbanoaren inguruko zerbait egiteko asmoa, batez ere, gazte eta nerabeak gerturatzeko elkartera, “zaila izaten da eta”, aitortu du Beñat Ijurkok, Añorga Kirol eta Kultur Elkarteko kideak. Pentsatu eta egin, azkenean grafitiaren inguruko tailer bat egin dute.
Donostia Kulturak diruz lagundu zuen elkartearen proposamena, eta, pixkanaka dena antolatzen hasi ziren. Nextgraffeko Nestor eta Aitor Otaño izan dituzte bidelagun, beraiekin egin baitute auzoko plazan ikusgai dagoen horma-irudia eta arte urbanoaren inguruan egin zuten tailerra. Maiatzeko bi asteburutan aritu ziren lanean, eta astean zehar ere ibili dira margotzen. Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak horma-irudia egiteko irizpide batzuk eman zizkion Nextgraffi. Funtsean, auzoaren esentzia islatuko zuen horma-irudi bat sortu nahi zuten. Tailerrean landutakoaren legatua gordetzeko modu bat ere bazen horma-irudi bat egitea. Grafiti tailerra eta horma-irudia prestatzeko lanetan Maddi del Campok lagundu dio, eta haren laguntza eta inplikazioa eskertu du Ijurkok.
Añorga baserria agertzen da hormai-rudian: “Auzoari izena eman zion. Egun Rezola fabrika dagoen lekuan zegoen Añorga baserria”. Eta basurde bat ere bai, Añorgako baserriaren armarrian agertzen den ikur bat baita. Añorga beti porlanarekin lotzen den arren, landa eremua agertzen da horma-irudian, “fabrika egin aurretik hala zelako, eta oraindik ere badagoelako landa eremua auzoan”. Sagarrondo batek garai batean errepidearen ondoan izan ziren sagardotegi horiei guztiei egiten die erreferentzia. Auzoko emakumeek protagonismo berezia izatea nahi zuten, eta Mantallin baserriko Eugeni erretratatu dute paretan.
Futboleko aldageletako pareta guztia jantzi dute horma-irudi batekin, auzoaren ikurrez betetako espazio bat sortuz. “Plazara sartzen zarenean berehala ikusten da. Eta guk hori nahi genuen, koloretsua eta ikusgarria izatea”, azaldu du Ijurkok. Añorgaren iraganari eta etorkizunari begiratzen dion hormairudia da, Ijurkoren ustez: “Transmisio bat egin nahi genuen nolabait. Añorga izan zena eta orain dena. Añorga azken ehun urteotan izan dena erakusten du”.

