Carlos Casas zinegileak egin du Tabakalerako soinu instalazio berria: 'Mutia'
Soinu instalazioak “alegiazko oihan” bihurtuko ditu Tabakalerako eskailera nagusiaren inguruak, eta bisitariak” natura basatian bete-betean murgiltzeko aukera izango” du. Soinu-lana Cemetery (Carlos Casas, 2019) filmaren prestaketan jasotako ikerketa eta artxibo materialen bilduma batetik abiatuta osatu da, eta guztira 13 ordu irauten duen soinu instalazio bat osatzen dute. Pieza honek, zehazki, filmaren oinarri den elefante mitologikoen hilerria inguratzen duen irudizko oihan bat ekarriko digu gogora.
Instalazioa sortzeko erabilitako teknika nagusia landa grabazioa izan da eta teknika hori erabili zen, hain zuzen ere, Sri Lankako hainbat lekutako soinuak jasotzeko. Grabazioak egin ziren ordutegia bat etorriko da Tabakaleran soinu horiek emitituko diren ordutegiarekin. Hau da, adibidez, goizeko 9:05ean jasotako soinuak ordu horretan bertan entzun ahal izango dira eskailera nagusian, egunero. Horrek soinu paisaiaren estetikaren berezko murgiltze sentsazioa zabaltzen du.
Artistaren beraren hitzetan, “Mutia mito topografiko bat (elefanteen hilerria) babesteko xedea duten oihan eta paisaia baten soinua irudikatzeko ariketa baten ondorio da”. Lekuaren konposizioranzko borondate horrek eramaten du soinu paisaiak eta landako grabazioetan, irrati-frekuentzien bilketan, irudien konstelazioetan eta erregistro grafikoetan oinarritutako atmosferak sortzera. Artistak baliabide estetiko horiek guztiak garatzeko jartzen duen arreta da imajinazioaren bidez leku horietara iristeko duen desiraren froga behinena.