EH Bildurentzat eta PSE-EErentzat "albiste txarra" da Loiolako kuartelen epaia
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Loiolako kuartelei buruz emandako epaiaren harira, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek adierazi dute “albiste txarra” dela donostiarrentzat. Horrekin batera, EH Bilduk salatu du “lobby ultraeskuindarrak” hiriko udal politikan egin duen esku-sartzea: “Hirigintza plangintzari eta ondarearen kontserbazioari buruzko erabakiak donostiarrei eta haien eragile sozial eta instituzionalei dagozkie”.
EH Bilduk gaineratu duenez, Donostiak urteak daramatza Espainiako armadak Loiolan okupatzen dituen lurrak itzultzeko eskatzen, donostiarrek nahi duten erabilera eman diezaioten. “2011-15 legegintzaldian, norabide horretan gestioak egin genituen, eta prozesu bat ireki zuen auzoko eragileekin batera, eremuaren diseinu berria aztertzeko, lehentasuna emanez zerbitzuen deszentralizazioari eta etxebizitza sozialei, eraikin batzuk mantentzea baztertu gabe”, nabarmendu dute.
Horrez gain, Eneko Goiaren etxebizitza politikarentzat epaia “kolpe gogorra” izan dela dio EH Bilduk: “Loiolan hipotetikoki eraikiko ziren 1.700 etxebizitzak iragartzea alkatearen ohiko erantzuna izan da gure hiriak bizi duen etxebizitza larrialdiaren aurrean. Alkateak beste proiektu batzuk iragarri izan ditu, denak ere oso epe luzekoak, baina bere proiektu nagusia Loiolakoa zen. Orain, aukerarik onenean, eta errekurtsoa udalaren aldekoa izan arren, asko atzeratuko da proiektuaren gauzatzea, etxebizitzaren arazoak egunetik egunera okertzen jarraitzen duen bitartean”.
“Ezin dugu amore eman”
PSE-EEko bozeramaile Marisol Garmendiak adierazi du epaia “ezustekoa” izan dela, baina ondorengoa gaineratu du: “Ezin dugu amore eman”. Ildo horretatik, sozialistek Loiolako kuartelen lursailetan etxebizitza publikoaren garapen garrantzitsu baten alde lanean jarraituko dute. “Eremu horretan etxebizitza publikoa eraikitzea uko egin ezineko helburua da, Donostiako herritarren etxebizitza eskaerari, batez ere gazteenei, irtenbideak emateko”, azaldu du Garmendiak.
Loiolako hirigintza proiektua birplanteatzeko prest agertu da bozeramaile sozialista: “Ekin diezaiogun lanari, birplanteatu eta egokitu dezagun. Gaurtik lan egin behar dugu etxebizitza publikoaren ezinbesteko garapena eta egokitzat jotzen den ondarearen babesa uztartzeko modua bilatzeko. Bi alderdi horiek ez dute bateraezinak izan behar”.