Kukaña eta haur danborrada Karmengo jaietako lau egunei hasiera emateko
Karmengo jaietan ere, neskak txapeldun kukañan. Giro bikaina izan da Karmengo jaien hasieran, tradizioa den kukañarekin. Aurretik datoz lau egun zoragarri kaiko eta Parte Zaharreko bizilagunentzat, egitarau zabalarekin.
Kukañak ematen die urtero hasiera jaiei, eta “galdu ezin duen zita” da bizilagun askorentzat. “Azken bi urtetan ez da egon, eta kristoren gogoak nituen” kontatu digu auzotar batek.
Neska mutil ilara luzea batu da kukañako ikurrina lortzeko asmoz. Likido irristakorra du kukañak, eta ez da dirudien bezain erraza. “Bustita joan behar da!” oihkatu du gazte batek, lehortuta doazenak tranpa egiten ari direlakoan. Alperrik, banan-banan ari baitira erortzen.
NEska kuadrilla bat dago amaieran, euren txandaren zain. Eta iritsi direnean iritsi da kukañako une interesgarriena, puskaz hobe ibili baitira. Azkenean kuadrillako Anarik lortu du ikurrina, eta taldeak garaipena ospatu du. Mutikoek inbidia apurrez begiratu dute; zer egingo diogu bada!
Kukaña amaitzean haur danborrada auzotik igaro da. Haurren martxan, poliki demonio eta guraso eta aiton-amonen argazkien begiradapean. Giro ederra zabaldu da kaian, jaien hasiera baino minutu batzuk lehenago. Txupinazoa dator ostean, eta, horrekin bai, festa lehertuko da.