Loiolako kuartelak hiriarentzat izatea "hortzez eta haginez" defendatuko du udalak
Atzo iritsitako sententzia baloratzeko presazko agerraldia egin du gaur Eneko Goiak, nabarmen haserre. Izan ere, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegitea onartu du du EAEko Auzitegi Nagusiak, Loiolako kuartelak babestu behar direla ebatziz. Zehazki, kuartelen eraikin multzoa Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) barruan sartu beharko du udalak.
Ondarea babestearena, aitzakia besterik ez dela uste du Goiak: “Ondarearen aitzakiarekin kuartela betirako eduki behar al dugu hirian?”. Alkatearen esanetan “hiriak argi du ezetz”, bertan etxebizitza proiektuak egitea erabaki duela eta: “Hiriak hau erabilera baterako behar du, ez kuartelak izateko”.
Izan ere, Udal Gobernuaren plan “estrategiko” baten baitan kokatu du Goiak kuarteletan egin asmo zen proiektua, “Urumea ibarraren berroneratzea”, hain zuzen. “Hiriaren apustu” gisa definitu du alkateak proiektua, Intxaurrondo eta Martutene batuko dituen proiektu moduan, eta etxebizitza horiek gakoak ziren proiektuan.
Voxi hiriaren hobekuntzak ez zaizkiola batere axola argi geratu da Goiaren ustetan. Alkateak “irmotasunez” salatu du epaia, eta, batez ere, Vox alderdiaren jarduna: “Hiri honetan ordezkaririk ez duen alderdiak”, hain zuzen.
Ia bi urteko lanen ostean, azken detaileak falta zirela azaldu du Goiak, eta orain, proiektua egoera oso delikatuan dagoela azaldu du. Baina “hortzez eta haginez” defendatuko dutela adierazi du, eta “bukaeraraino borrokatzeko prest” agertu da.
Goiak kontatu duenez, Espainiako Defentsa Ministroarekin hitz egin zuen atzo, sententzia ezagutu berri, eta bien artean sententziari aurre egiteko borondatea erakutsi dute: “Bi erakundeok ditugun baliabide guztiekin egingo diogu aurre sententzia honi”. Izan ere, bi erakundeak elkarlanean ari ziren Loiolako kuartelak bertatik kendu eta “hiriarentzako onuragarriagoa” den beste proiektu bat eraikitzeko bertan. Orain, 30 eguneko epea dute kasazio epaitegian helegitea jartzeko. Goiaren ustez “posiblea izateaz gain, behar-beharrezkoa” den helegitea, hain zuzen.