Belodromoan emango dute 'Black is Beltza II: Ainhoa' filma
Donostiako 70. Zinemaldiak estreinatuko du Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa filma. Irailaren 23an proiektatuko dute Donostiako belodromoan. Zinemaldiak gaur goizean Madrilen egindako agerraldi batean aurten parte hartuko duten hainbat filmen berri eman du, eta horien artean da Muguruzarena. Sarrerak abuztuaren 16tik aurrera erosi ahal izango dira. Aldiz, zinema areto komertzialetara irailaren 30ean iritsiko da filma.
Black is Beltza: II: Ainhoa animaziozko pelikula da, eta lehenengo parteko Manex protagonistaren alaba du pertsonaia nagusia. Kunan hazi ondoren, 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Ainhoa aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun kuadrilla ezagutuko ditu. Ainhoa eta Josune iniziazio bidaia batean murgilduko dira, eta horrek Libano, Afganistanera eta Marseillara (Frantzia) eramango ditu.