Bera Berak bazkide berriak lortzeko kanpaina jarri du martxan
Maitane Etxeberria eta Tati Garmendia, kanpaina berriaren aurkezpenean. Gehiago nahi dugu lelopean, Bera Berak 2022-2023 denboraldirako bazkide kanpaina abian jarri du, Josean Gasca kiroldegira zale gehiago erakartze aldera.
Bera Berak orain arteko ibilbide oparoari jarraipena eman nahi dio, 21 titulu dituelarik; horien artean, Guerreras Iberdrola ligako azken hiru tituluak. Kanpaina honen bidez, kopak utzi zuen zapore onari tira egin nahi diote donostiarrek, gorenean lehiatzen jarraitu eta Gipuzkoako emakumeen kirolari hauspoa emateko. Tati Garmendiak eta Maitane Etxeberriak azaldu dute mila bazkide lortzea dela helburu. “Gainontzeko taldeek ondo fitxatu dute, geroz eta zailago da liga irabaztea, eta, horregatik, zaleen bultzada behar dugu, erronka berriak lortzen lagunduko diguna” nabarmendu du Etxeberriak.
Horretarako, Bera Berak animazio harmaila sortuko du, Gascan “giro aparta” eragiteko asmoz. Era berean, klubak emakumezkoen kirolari indarra ematea erabaki du. “Emakumezkoen kirola sustatze aldera, klubak zein federazioak gonbidatu nahi ditugu” iragarri du Garmendiak. Horrez gain, Lagun bat ekarri promozioa ere martxan jarri du Bera Berak. Iazko abonatuek lagun bat bazkide egitea lortzen badute, 2022-2023 denboraldiko kamiseta ofiziala opari izango dute.
Prezioak
Bazkide egitearen truke 79 euro ordaindu beharko dituzte helduek (15 eta 65 urte bitartekoak), 45 euro 6 eta 14 urte bitarteko haurrek eta erretiratuek, eta 158 eurokoa izango da familia-abonua (bi heldu eta bi haur familia-unitate berean). 2021-2022 denboraldiko bazkideen kasuan berritzea automatikoa izango da, aldaketaren bat egin nahi izan ezean.
Bazkide egiteko interesa duenak, venta.berabera.com webgunearen bidez, Bidebieta kiroldegian edo admbalonmano@berabera.com helbidera idatziz egin dezake.

