Orion eta Zierbenan asko izango dute jokoan
Donostia Arraun Lagunakek eta Donostiarrak ezin dute hutsik egin lidergoei eusteko.
Euskotren eta Euskolabel ligetako bosgarren eta seigarren jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan. Bihar, Orion ariko dira traineruak, eta lehia berezia izango da emakumezkoen ligari dagokionez. Izan ere, Donostia Arraun Lagunak eta Orio berdinduta daude sailkapen nagusian, nahiz eta donostiarrak izan liderrak. Bien arteko dema mantenduko den ala ez, 17:40etik aurrera jakin ahal izango da. Donostiarra eta Tolosaldea banderaren lehian sartzen ahaleginduko dira.
Gizonezkoetan, berriz, Donostiarrak lidergoari eusteko lan ona egin beharko du Orioko uretan (18:13). Urdaibai, Orio eta Hondarribia gertu ditu sailkapen nagusian. Etzi, berriz, Zierbenan ariko dira bi ligetako traineruak; nesken estropada 11:40ean hasiko da, eta gizonezkoena 12:13ean.