Turismoaren egungo inpaktua negatiboa dela diote herritarrek
Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren diagnostikoaren partaidetza txostena argitaratu du. Guztira, 1.361 pertsonen eta eragileen ekarpenak jaso dituzte.

Martxoan abiatu zuen udalak HAPOaren berrikuspenaren diagnostikoaren lehen faseko partaidetza prozesua. Ordutik, informazio saio bat, kontsulta publiko bat, hainbat mahai sektorial eta auzoetako bi mahai egin dituzte. Era berean, hilabeteko epean digitalki herritarrek egindako ekarpenak bildu dituzte. Guztira, 1.361 pertsonen eta eragileen ekarpenak jaso dituzte.
Abian jarritako dinamikek harrera ona izan dutela esan du Partaidetza zinegotzi Mariaje Idoetak: «Ez da gai erraza, baina garrantzia handia dauka gure hiriaren etorkizuna definitzeko eta diseinatzeko». Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak, berriz, egindako ekarpenek «balio handia» dutela nabarmendu du: «Herritarren ikuspegia biltzen dute, eta horrek HAPO berriaren lanketa aberasten du. Herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartuko dira Plan Orokorraren Aurrerapenaren dokumentua egiterakoan».
Diagnostikoaren emaitzak
Udalak jakinarazi duenez, turismoaren egungo inpaktua modu negatiboan baloratu dute herritarrek, eta eragin hori etxebizitzan, mugikortasunean eta espazio publikoan gertatzen da. Interes gehien sortu duten gaien artean dago mugikortasuna, besteak beste. Parte Zaharra, Erdialdea eta Gros dira turismoak gatazka gehien sortzen dituen gune nagusiak.
Interes gehien sortu duten gaien artean daude mugikortasuna eta hiri ondarea. Herritarrek eskatu dute Plan Orokorrak oinezkoen eta bizikletentzako eskola ibilbide seguruak bermatzea, eta oinezkoen mugikortasuna gainerako mugikortasun moduen aurretik lehenestea. Ondareari dagokionez, herritarrek beharrezkotzat jotzen dute eraikinen eta eraikin multzoen babesa handitzea. Galdetegi digitalean, %53k modu negatiboan baloratzen du ondarearen egungo babesa.
Bestalde, parte hartzaileen %64k uste du Donostia udalerri osasungarria dela paseatzeko eta naturaz gozatzeko berdeguneei dagokienez. Aldiz, kutsadura moten artean, akustika da, oro har, ondoez handiena sortzen duena.
Udazkenerako Plan Orokorraren diagnostikoa prest izatea espero du udalak. Ondoren, bigarren faseko partaidetza prozesua abiatuko dute. Horiek horrela, Plan Orokorraren Aurrerapena 2023ko martxorako eginda eta onartuta egotea espero dute.