Donostialdea Bizikletan txirrindularitza taldeari harrera egin diote udaletxean
Donostiako Udalak harrera egin die Yago Agirre txirrindulari donostiarra gazte mailako Espainiako txapeldun izan ostean.
Ekitaldia Donostiako Udaletxeko Harrera gelan izan da eta, bertan, parte hartu dute Donostiako alkate Eneko Goiak, udal talde guztietako hainbat ordezkarik, Yago Agirre txirrindulariak, eta Donostialdea Bizikletaneko presidenteak eta hainbat taldekidek.
Donostiako alkate Eneko Goiak udalaren izenean oroigarria eman dio Yago Agirreri, eta Donostialdea Bizikletaneko taldekide guztiak zoriondu ditu denboraldiko lorpenengatik. Denboraldi bikaina darama Agirre txirrindulariak gazte mailan. Espainiako errepideko txapelketa irabazi zuen duela bi aste euskal selekzioarekin, Valladoliden (Espainia).
Goiak honakoa nabarmendu du: “Hirian dugun txirrindularitzarekiko grina oso handia da, eta zuek bezalako klubak egiten duen lana benetan eskertzekoa eta zoriontzekoa da. Eta bereziki, Yago, Espainiako txapeldun izan zarelako, zorionak eta eskerrik asko hiria hain ondo ordezkatzeagatik”. Era berean, honakoa gaineratu du: “Espero dut Yago etorkizunean zure profesional izateko ametsak betetzea, eta klubeko kide guztiei lanean jarraitzeko eskatu nahi dizuet emakumeen taldea izateko ari zareten honetan. Benetan polita izango litzateke hirian txirrindularitza talde polita osatzea. Bide horretan laguntzeko prest izango gara”.
IRUTXULOKO HITZAk Agirre elkarrizketatu zuen Espainiako txapelketa irabazi ondoren.