"Hasieratik argi nuen dena emango nuela irabazteko"
Gazte mailako Espainiako txapelketa irabazi zuen hilaren 3an, Valladoliden. Yago Agirre (Loiolako Erribera, 2004) Donostialdea Bizikletan taldeko ziklista donostiarrak lasterketa bikaina egin zuen euskal selekzioarekin.
Espainiako txapelduna zara gazte mailan. Sinetsi duzu lorturikoa?
Oraindik ez, egia esan. Egunak pasa ahala sinesten ari naizela uste dut, baina kostatzen ari zait lortu dudanaz jabetzea.
Zure emaitzarik onena da txapelketetan?
Errepideko nire lehen txapelketa izan da. Beraz, bai, nire emaitzarik onena da, zalantzarik gabe.
Valladolideko errepideko proba oso lehiatua izan zen hasieratik. Euskal selekzioak estrategiaren bat zuen, edo bakoitzak bere aldetik egin behar zuen berea?
Hautatzailearen planteamendua izan zen lider argirik ez izatea. Alegia, bakoitza bere aukeren bila joatea zen asmoa, eta saiakerak egiterakoan selekzio kide horri laguntzea.
Eta zein zen zure hasierako ideia lasterketan?
Hasieratik argi nuen dena emango nuela irabazteko. Nire aukerarik onena urrutitik jotzea zen, eta hori zen nire hasierako helburua. Hau da, ihes egiteko asmoarekin atera nintzen.
Erasoan ibili zinen, eta atzekoek estutu arren lortu zenuen azken kilometroan errematatzea. Irabazteko gai izango zinela uste zenuen?
Eraso asko egin nituen, bai. Ihes egiten duzun bakoitzean helmugara iristea amesten duzu. Posible da, baina oso zaila. Azken kilometroetan tropela horren gertu genuenean, ez genekien harrapatuko gintuztenik. Halere, momentu horretan ez duzu horretan pentsatzen. Nire esku zegoen guztia egitea nuen buruan, eta irabaztea lortu nuen.
Denboraldi oso ona daramazu. Sasoi puntu onenean zaude?
Indartsu hasi nuen denboraldia, agian indartsuegia. Hasierako asmoa zen udarako egotea sasoi puntu onenean. Apirilean gainbehera txiki bat izan nuen sasoi eta emaitza aldetik. Halere, udan berriz ere sasoiko nago, eta helburua bete dudala esan nezake.
Espainiako txapelketa irabazita, orain zein da zure helburua?
Momentuz, Frantziako lasterketa batean parte hartuko dut Gipuzkoako selekzioarekin. Nire taldearekin, berriz, Bizkaiko biran izango naiz. Bestalde, txapelketa irabazita, denboraldi bukaeran beste lasterketa batzuk izango ditudala uste dut.
Zeharka bada ere, datorren denboraldiari begira jarri zara?
Bai, noski, eta jarraitzeko asmoa dut. Zaila izango da ikasketak eta txirrindularitza uztartzea, baina nire asmoa da gutxienez beste urtebetez jarraitzea. Urte gehiago badira, hobeto.